Ekonomia -
Arlo publikoa
Hezkuntzako sukaldarien % 80k egin dute greba, ELAren eta LABen arabera
Garbitzaileen % 65 inguruk egingo dute bat deialdiarekin (gehienek arratsaldeko txandan egiten dute lan), bi sindikatuok aurreikusi dutenez.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko sukaldariak eta garbitzaileak "oso modu zabalean" ari dira greba egiten, ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez.
Bion esanetan, sukaldarien % 80k egin dute bat deialdiarekin (guztira, 470 behargin dira), eta garbitzaileen % 65 inguruk egingo dute greba (gehienak arratsaldeko txandan aritzen dira).
Eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte Hezkuntza Sailak hiriburuetan dituen ordezkaritzen aurrean:
Azken hitzarmena, 2009koa
Sindikatuek kritikatu dutenez, "sektorea erabat pribatizatzeko arriskua dago". ELAk eta LABek azaldu zutenaren arabera, "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila etengabe aritu da ikastetxe publikoetako sukaldeak, jangelak eta garbitzaileen zerbitzua pribatizatzen. Hala, apurka-apurka sektorea hiltzen uzten ari dela salatu dute, enpresa pribatuen esku uzteko”.
Sektoreko azken hitzarmen kolektiboa 2009koa dela gogorarazi zuten ELAk eta LABek: "Ia bederatzi urte pasa dira, eta Hezkuntza Sailak ez du akordioa bete, behin eta berriz".
Horrez gain, "langileen % 63k behin-behineko kontratua du, behin-behinekotasuna sukaldeetan %62koa da eta %61ekoa garbiketan", gaineratu zuten.
"Egiturazko lanpostu asko ez dira lanegun osoak; hala ere, astean 2.420 ordu baino gehiago kontratatzen dituzte laguntza-kontratu gisa, eta gehienak iruzurrezkoak dira".
Bestalde, lan-karga "asko" ugaritu dela azpimarratu zuten sindikatuetako ordezkariek.
Borroka-astea
Hori dela eta, egoera hori "salatzeko eta gizarteratzeko" eta "konponbidea eskatzeko", zenbait mobilizazio iragarri dituzte aste honetan. Asteartean, sukaldeetako langileek aldarrikapenak eta lanerako tresnak ikastetxeetan zintzilikatu zituzten, eta, asteazkenean, garbitzaileek egin zuten gauza bera. Ostegunean, greba egiteaz gain, "elkarretaratzeak, giza kateak, lapiko jotzea, hamaiketakoa eta aldarrikapen-garbiketa" antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen egoitzetan. Azkenik, ostiralean, ohiko salaketa-elkarretaratzeak egingo dituzte.