Ekonomia -

HAURRESKOLAK

Grebak % 86ko jarraipena izan du sindikatuen hitzetan; % 66koa Jaurlaritzaren arabera

ELA, LAB eta STEILAS sindikatu deitzaileek negoziazio prozesu bat hastea eskatu diote Partzuegoaren Zuzendaritzari eta Hezkuntza Sailari.

Ia erabateko greba izan du haurreskoletako grebak, sindikatuen arabera. Argazkia: EiTB
Haurreskolen grebak %86ko jarraipena sindikatuentzat %66 Partzuergoarentzat

1:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurreskolak Partzuergoan gaurko deitutako grebak % 86ko jarraipena izan du sindikatuen hitzetan; % 66koa, berriz, Eusko Jaurlaritzaren esanetan. ELA, LAB eta STEILAS sindikatu deitzaileen arabera, ehunka lagunek parte hartu dute mobilizazioetan. Halaber, negoziazio prozesu bat hastea eskatu diote Partzuegoaren Zuzendaritzari eta Hezkuntza Sailari.

Sindikatuen esanetan, gaurko lanuzteak iazko grebek baino jarraipen zabalagoa izan dute. Mobilizazioen helburua, haurreskoletan egun bizi duten egoera salatzea eta  Partzuergoaren Zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari "egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat" abiatzea eskatzea dira.

Azken urteetan hainbat aldarrikapen egin dituzte sindikatuek. Esaterako, Kudeaketako eta Hezitzaile langileen Lanpostuen Zerrenda eta egonkortasuna bultzatzea eskatu dute, sindikatuen esanetan, Haurreskolak Partzuergoko langileen behin-behinekotasun tasa % 41ekoa da, kudeaketa langileena, berriz, % 100ekoa.

Horrez gain, langileen erosmen ahalmena handitzeko soldatak igotzea, geletako ratioak berdintasunean oinarritutako irizpideekin aplikatzea, ordezkapenak bertaratze orrien arabera ez baldintzatzea; lizentzia, baimenak eta txanda egunak ordezkatzea edota erretiroa erraztea.

Deitzaileen iritziz, "orain arte Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak ez dute proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu". "Aste honetan bertan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez haurreskoletan ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk ez da jasotzen", gaineratu dute.

Hori dela eta, "egoeraren larritasunari" eta beren aldarrikapenei erantzungo dien negoziazio prozesu bat abian jartzeko eskatu diete sindikatuek Partzuergoaren Zuzendaritzari eta Hezkuntza Sailari. "Horrela ez bada, greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digute utziko", nabarmendu dute.

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, langileen % 66,51k egin dute greba

Sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza ez datoz bat parte-hartzeari buruzko datuak ematerakoan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Haurreskolak Partzuergoak emandako datuak aipatuak adierazi duenez, Partzuergoko 1.060 hezitzaileetatik 705ek egin dute bat greba deialdiarekin (lantaldearen % 66,51).

Jaurlaritzaren esanetan, Haurreskolak Partzuergoa izaera juridiko propioa duen entitatea da, Euskadiko Administrazioak eta EAEko 178 udalerrik osatua. "Haur eskolen gestio integrala eta Euskadiko Erkidego Autonomoko hiru urtez azpiko haurren hezkuntza eta laguntza zerbitzua aurrera eraman ahal izateko ari dira bat eginik erakundeok", azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak albisteak EAE Gizartea Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuak Espainian