Ekonomia -
LEMOIZ
Arrain-haztegi bat egingo dute Lemoizko zentrala dagoen tokian
Aztik egindako ikerketa baten arabera, posible da zentral nuklearraren instalazioak birmoldatzea eta bertan ganbak, otarrainxkak, mihi-arrainak, erreboiloak, izokinak eta amuarrainak haztea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak arrain-haztegi bat egin nahi du Lemoizko zentral nuklearraren instalazioetan. Aztik egindako ikerketa batek egiaztatu duenez, posible da zentral nuklearraren instalazioak birmoldatzea eta bertan ganbak, otarrainxkak, mihi-arrainak, erreboiloak, izokinak eta amuarrainak haztea.
Gaur goizean aurkeztu dute proiektua Bilboko Itsas Museoan Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Rogelio Pozo Aztiko zuzendari nagusiak.
Tapiaren esanetan, industriaren ikuspuntutik "hondamendi" egoeran dagoen gune bat "berreskuratu eta jarduera ekonomiko ezberdin eta jasangarri bat jarriko dugu martxan", lanpostuak eta aberastasuna sortzeko aukerarekin.
Hainbat espezie —ganbak, otarrainxkak, mihi-arrainak, erreboiloak, izokinak eta amuarrainak— haztea teknikoki zein ekonomikoki bideragarria ote den aztertzeko Aztik egindako ikerketa batek egiaztatu duenez, "egingarria" eta "bideragarria" da instalazio horiek akuikulturan erabiltzeko birmoldatzea.
Aztiko ordezkariaren hitzetan, azpiegiturak ur hartuneak ditu eta bertan enpresa bat baino gehiago kokatzeko adina espazio du, merkatuan eskaera handia duten espezieak ekoizteko. Gaineratu duenez, poligonoaren garapenerako eredurik interesgarriena mistoa da, akuikulturaren ekoizpena eta berrikuntza teknologiko multisektoriala konbinatuko lituzkeena.
Oraindik proiektu zehatzik ez badago ere, Rogelio Pozok aurreratu du inbertsiogile potentzialekin Euskadin zein Europan edukitako harremanek erakusten dutenez interes handia egongo da etorkizunean proiektuak garatzeko