Ekonomia -

Aurrekontuak

Pertsona bakoitzeko 1.673 euroko gastua aurreikusi du Osasun Sailak 2018an

Osasun Sailaren aurrekontu proiektua aurkeztu du Darponek Legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren % 32 suposatzen du.

Jon Darpon Osasun sailburua. Argazkia: EFE
Jon Darpon Osasun sailburua. Argazkia: EFE
Jon Darpon Osasun sailburua. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak 3.671 milioi euro bideratuko ditu Osasun Sailera 2018an, 2017an baino 128,6 milioi gehiago (+% 3,6). Horrela, pertsona bakoitzeko 1.673 euroko gastua aurreikusi dute.

Jon Darpon Osasun sailburuak 2018ko aurrekontu proiektua aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren % 32 suposatzen du.

3.671.362.000 euroko aurrekontua “osasun sistema publikoa sendotzeko eta Osakidetzaren zerbitzu unibertsala bermatzen jarraitzeko” erabiliko dutela azaldu du Darponek. Kontuek % 3,6ko hazkundea izango dutela goraipatu du sailburuak, “2013tik izan den handiena”.

1.200 milioi, hezkuntza publikora, eta 622 itunpekora

Hezkuntza Sailak datorren urtean 1.200 milioi euro inbertituko ditu hezkuntza sistema publikoan, eta 622,2 milioi itunpeko ikastetxeetan. Cristina Uriarte sailburuaren hitzetan, datuek Eusko Jaurlaritzaren apustua eta hezkuntza eredua zein den argi uzten dute.

Osasun Sailaren atzetik baliabide handienak izango dituena Hezkuntza Saila izango dela nabarmendu du Uriartek Legebiltzarreko Batzordean. Guztira, 2.718,8 milioi euro izango ditu Hezkuntza Sailaren aurrekontuak 2018an, 2017an baino % 1,9 gehiago.

Langileen soldatek aurrekontuaren % 47,2 eramango dutela azaldu du Uriartek, aurten baino 24,9 milioi euro gehiago, alegia.

Lanbidek "hobetu" behar duela onartu du Artolazabalek

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuak Lanbide defendatu du, “nahiz eta hobetu behar, helburuak betetzen ari delako”. Langabezia-tasaren jaitsierak hori argi uzten duela erantsi du sailburuak.

“Lanean jarraitu behar dugula egia da, baina zailtasunak eta arazoak onartuta, Lanbide enpleguaren hobekuntzan laguntzeko lanean ari da”, errepikatu du.

Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailaren aurrekontuak “aurrenekoz” mila milioi euroak (1.005,6 milioi euro) gainditzen dituela goraipatu du sailburuak, aurten baino % 0,7 gehiago (6.521.988 euro gehiago).

Etxebizitza politikek 327,5 milioi izango dituzte, % 62 alokairu politiketarako

Etxebizitza politikek 327,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2018an; izan ere, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailaren programari (126,9 milioi), Alokabide (77,8 milioi) eta Visesa (122,7 milioi) elkarte publikoen ekarpena gehitu behar zaio.

Iñaki Arriola sailburuak agerraldia egin du arratsaldean, Eusko Legebiltzarrean. Sailak 205,9 milioi euroko aurrekontua izango duela jakitera eman du, 2017an baino % 7,2 gehiago. Portzentajean hazkunde handiena izango duen saila da.

Etxebizitza politiken gastutik % 62 alokairuak eramango du, eta % 26 hirigintza politikek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra bideoak Lanbide Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza