Ekonomia -
Hiriko auzia
Hirikoren sustatzaileek Epsilon erosi izana babestu du Villadelpratek
Hiriko ibilgailu elektrikoaren auziaren epaiketan deklaratu du lekuko gisa. Epsilon auzian zigortu zuten Villadelprat.
Agentziak | Erredakzioa
Joan Villadelprat Bat Formulako Epsilon ibilgailuaren auzian zigortu zuten eta gaur Hiriko auto elektrikoaren auzian deklaratu du lekuko moduan, Gasteizko epaitegian.
Fiskaltzak, Estatuko Abokatuak eta Konkurtso Administrazioak garrantzitsutzat jo zuten Villadelprat deklaratzera deitzea, Hiriko auto elektrikoaren sustatzaileek Epsilon ibilgailua 600.000 euroren truke zergatik erosi zuten azal zezan.
Villadelpratek esan du ibilgailu “historikoa” izan zela, Euskadin egin zelako eta Le Manseko 24 orduko lasterketa korritu zuelako.
Salmenta prezioa justua izan ez zela esan du, auto horrek 600.000 euro baino gehiago balio zuela iritzi dio, eta merkea iruditu ote zitzaion galdetuta, baietz erantzun du.
Epsilon auzian zigortu zuten Villadelprat. Enpresa horren porrotaren erantzuletzat jo zuen epaileak eta kaltetuei 900.000 euro ordaintzera zigortu zuen.
Orain, Gasteizko epaitegia Hirikoren porrota ikertzen ari da. Fiskaltzak egitasmo horren lau sustatzaile nagusientzat (Jesus Echave, Iñigo Antia, Jose Luis Bengoechea eta Fernando Achaerandio) 10 urteko gaitasungabetzea eskatzen du, baita proiektua gauzatzeko erakunde publikoetatik jaso zituzten 15,7 milioi euroak itzultzea ere.
Estatuko Abokatua bat dator Fiskaltzarekin eta Konkurtso Administrazioak lau administrariak porrotaren erreduntzat jotzea ere eskatu du.
Azaroaren 10eko saioan Armando Jose de Sousa Gaspar Mercedeseko zuzendari ohiak deklaratuko du lekuko moduan, bideokonferentzia bidez, Alemaniatik. Hiriko egitasmoarekin lotuta egon zen.