Ekonomia -

Diru Funtsaren aurreikuspena

Gobernuak esan zuenaren erdia haziko da Espainiako ekonomia 2011n

NDFren arabera, euroguneko hazkunderik motelenetakoa izango du Espainiak, Irlandarekin, Greziarekin eta Portugalekin batera. Gobernuak egindako aurrikuspena bete daitekeela uste du Salgadok.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako ekonomiak bide txarrari eutsiko dio 2011an ere, eta % 0,7, Gobernuak iragarri zuen % 1,3ren erdia, haziko da, Nazioarteko Diru Funtsak jakinarazi duenez.

Hazkunde-tasa urri horrek ez du langabezia-tasa murrizten lagunduko, eta 2011n euroguneko altuena izango da: % 19,3.

"Aurreikuspen ekonomiko orokorrak" txostena aurkeztu du gaur erakundeak, eta, ekitaldi horretan, aurtengo inflazioa % 1,5ekoa eta 2011koa % 1,1ekoa izango direla iragarri dute.

Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Espainia euroguneko herrialderik mantsoenetakoa izango da hazkunde ekonomikoari dagokionez, Irlandarekin, Greziarekin eta Portugalekin batera.

Gobernua

Bestalde, nazioarteko erakundeek Espainiako ekonomiari buruz egiten dituzten aurrikuspenak Gobernuak egindakoetara hurbiltzea espero du Elena Salgado Ekonomia ministroak.

Nahiz eta NDFren aurrikuspena aintzat hartu, Gobernuak egindakoa bete daitekeela uste du Ekonomia ministroak.

"Aurrikuspena mantentzen dut eta besteek egindakoak gurera hurbiltzen ari direla uste dut, ez da kontrako aurrikuspenik egiten, eta pixkanaka gero eta gehiago hurbiltzen joango dira", azaldu du presidenteordeak. Zentzu horretan, ELGAk egindako aurrikuspena gogorarazi du Salgadok, izan ere, % 0,9ko hazkundea iragarri zuen 2011rako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea