Ekonomia -
Katalunia
Caixabanken egoitza soziala Valentziara eramateko erabakia behin betikoa da
Bankuak urteko lehen bederatzi hilabeteetan 1.488 milioi euroko mozkinak lortu ditu, 2016ko epe berean baino % 53,4 gehiago.
Agentziak | Erredakzioa
Gonzalo Cortazar Caixabankeko kontseilari delegatuak astearte honetan adierazi duenez, Kataluniako krisi politikoa dela-eta bankuaren egoitza soziala Bartzelonatik Valentziara eramateko administrazio kontseiluaren erabakia behin betikoa da.
"Kontseiluak lekualdaketa behin-behinekoa zela esan nahi izan balu esango zukeen, baina ez zuen ezer esan horri buruz", adierazi du Gortazarrek, hirugarren hiruhileko emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan. Bankuaren historian lehen aldiz, Valentzian eman dute emaitza horien berri.
Erakundeak bezeroen, langileen eta akziodunen interesak babesteko hartu zuen erabakia, Gortazarren esanetan, eta bankuko zuzendaritzak "bakarrik" hartu zuela azpimarratu du.
Caixabanenk egoitza soziala eta fiskala Valentzian egoteak erakundeak administrazio kontseiluaren ohiko bilerak bertan egitea ekarriko du, baita akziodunen batzarrak eta emaitzen aurkezpenak ere, "logistika arrazoiak" tarteko.
Taldeak zerbitzu zentralak Bartzelonan izaten jarraituko du, eta oraingoz ez du aurreikusi "beste zerbitzu batzuk" Valentziara eramatea.
Caixabankek 1.488 milioi euro irabazi ditu
Caixabankek urteko lehen bederatzi hilabeteetan 1.488 milioi euroko mozkinak lortu ditu, 2016ko epe berean baino % 53,4 gehiago, hau da, historiako emaitzarik onena denboraldi horretan, BPI Portugalgo bankuaren integrazioari esker.
Halaber, Caixabankek hiruhileko mozkinik handiena eskuratu du, uztaila eta iraila bitartean 649 milioi lortuta, aurreko hiru hilabeteetan baino % 48,7 gehiago, erakundeak jakinarazi duenez.