Ekonomia -
ETS
Eusko Jaurlaritzak Hendaiako Euskotrenen geltokia zaharberrituko du
5,8 milioi euro bideratuko ditu horretara, eta ekainean hasiko dira lanak. Terminal berriak egungoaren azalera bikoiztuko du, nasa zentral bat izango du eta trenbidea bikoiztu egingo da azken tartean.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea euskal trenbideen kudeatzailearen bitartez, goitik behera berriztatuko du Euskotrenen Hendaiako geltokia. Horretarako, 5,6 milioi euro bideratuko ditu. Terminal berriak egungoaren azalera bikoiztuko du, eta trenen maiztasunak handiagoak izango dira.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak gaur goizean bisitatu ditu instalazioak, Kotte Ecenarro Hendaiako alkatearekin, Mathieu Bergé Akitania Berria eskualdeko kontseilaria eta mugaz gaindiko arduradunarekin, Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordearekin, Aitor Garitano eta Imanol Leza ETSko eta Euskotreneko zuzendari nagusiekin, Akitania Berria eskualdeko, Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko ordezkaritza zabalarekin eta SNCFren zuzendariekin batera.
Zaharberritze proiektu horren barruan, egungo ahalmen eta irisgarritasun arazoak konponduko dituen eraikin berria eraikiko dute. Eraikin berriaren oin-planoa laukizuzena da, eta 198 metro karratuko azalera izango du (egun 84 metro karratu ditu). Geltokia Frantzian egon arren, Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du proiektua oso-osorik.
Tapiak urte amaierarako abiatu nahi du lizitatze prozesua, apirila amaitzerako esleitu eta 14 hilabete iraungo duten lanak ekainean hasteko.
Arantxa Tapia sailburua, zaharberritze lanak azaltzen. Irekia.
Instalazio berriak
Instalazio horietan, hauek egongo dira: itxarongela (lau salmenta-makina izango ditu), balioztatze lerroa, ikuskatzailearen gela (bi armairu izango ditu), aldagela (komun eta guzti) eta garbiketarako gela.
Eraikin berria beste kokapen batean proiektatu dute, egungoa baino zortzi bat metro hego-ekialderago egingo baitute. Kokagune berriak geltokiaren sarbide nagusiaren atari gisa egituratzen den espazio libre txiki bat sortzeko aukera emango du.
Ibilbidearen azken 91 metroetan trenbidea bikoiztu egingo da. Horri esker, beste tren bat aparkatu ahal izango da, eta maiztasunak handitu ahal izango dira etorkizunean. Halaber, gaur egun dagoen 1,9 metroko zabalerako alboko nasaren ordez, 4 metro zabal izango den nasa zentral bat egingo da, markesinarekin.