Ekonomia -

EAEko Barne Produktu Gordina

2017 eta 2018 urteetarako hazkunde aurreikuspena igo du Eusko Jaurlaritzak

EAEko ekonomiaren hazkundea Jaurlaritzak aurreikusitakoa baino handiagoa izango da, baina asteartera arte ez dute ezagutzera emango zenbatekoa izango den hazkunde hori.

Gestamp euskal industria. EFE.
Gestamp euskal industria. EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017 eta 2018 urteetarako egindako hazkunde aurreikuspena igo du Eusko Jaurlaritzak, joan den ekainean, hurrenez hurren, % 2,7an eta % 2,3an ezarri ostean.

Ogasun eta Ekonomia Saileko iturriek Efe albiste agentziari gaur jakinarazi diotenez, EAEko ekonomiak goranzko joera izango du; hala ere, hazkunde hori zenbatekoa izango den ez dute azaldu, datorren asteartean Pedro Azpiazu sailburuak horren berri emango baitu Gobernu Kontseiluak 2018rako Aurrekontuen lege-proiektua onartu ostean.

Azpiazuk berak joan den uztailean hazkundearen inguruan azaldu zuenez, EAEko ekonomia sasoi onean dago eta aurreikusitakoa baino gehiago haziko da, eta hortaz, % 3ko hazkundea izango dela aurreikusi zuen.

Espainian, aldiz, Mariano Rajoyren hazkunde aurreikuspenak % 2,6tik % 2,3ra jaitsi egin dira, Kataluniaren egoera, ekonomiaren ziurgabetasuna eta datorren urterako aurrekonturik eza dela eta.

Iturri beraren arabera, hazkunde ekonomiko horren eragile bakarra da Ekonomia Sailak egiten duen "etengabeko gaurkotzea"; eta, ildo horretan, argi utzi dute ez duela "Espainiako edo Kataluniako testuinguruarekin zerikusirik".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea