Ekonomia -

Funtzionarioak

2012ko aparteko pagaren azken laurdena azaroan ordainduko du Jaurlaritzak

Azken ordainketa hori eginda, Eusko Jaurlaritzak behin betiko itxiko du Espainiako Gobernuak duela 5 urte langile publikoekin hasitako gatazka.

Funtzionarioak artxiboko argazki batean.
Funtzionarioak artxiboko argazki batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, gaur onartu du 2017 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen Legearen aldaketari buruzko Lege Proiektua. Horrela, aurten 2012ko abenduko aparteko pagaren azken laurdena ordainduko da, aparteko paga hori Espainiako Gobernuaren oinarrizko araudiak betetze aldera kendu eta gero.

Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari bidaliko dio lege-proiektua, ahalik eta lasterren onesteko, eta azaroan orainduko diete kobratzeko falta duten aparteko soldataren azken laurdena Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten langileei.

Neurri horrek 50 milioi euro inguruko eragina izango du aurrekontuan. 2012an uztailaren 1a eta abenduaren 31 bitartean Euskal Administrazio Publikoan lanean aritu ziren pertsona guztiei eragingo die erabakiak: 70.000 langileri. Dagoeneko lanean aktibo ez daudenek ere ofizioz jasoko dute dagokiena, eta ez dute inon erreklamatu beharko.

Azken ordainketa hori eginda, Eusko Jaurlaritzak behin betiko itxiko du Espainiako Gobernuak duela bi legegintzaldi langile publikoekin hasitako gatazka, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua, Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa, onetsi zuenean hasitakoa.

2018KO APARTEKO PAGAK

Horrela, 2018an normaltasunera itzuliko da EAEko langile publikoen aparteko pagen ordainketa. Datorren urtetik aurrera, ekainean eta abenduan likidatuko dira berriro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea