Ekonomia -

FINANTZEN EUSKAL KONTSEILUA

Euskal ogasunek 14.367 milioi bilduko dituzte aurten, % 5 gehiago

Euskal Ogasunek aurtengoaren antzeko diru kopurua biltzea espero dute 2018an.

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren gaurko bilera. Argazkia: EFE.
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren aurreko bilera bat. Argazkia: EFE.
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren gaurko bilera. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal ogasunek 14.367 milioi euro bilduko dituzte aurten, aurreikusitakoa baino 269 milioi gehiago (% 4,7) —BEZaren doikuntzaren dirua kontuan hartuta—. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak aurtengoaren antzeko diru kopurua biltzea espero dute 2018an.

Diru-bilketaren aurreikuspenak zehaztea helburu, Eusko Jaurlaritza, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta EAEko Udalak Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan bildu dira gaur, asteazkenarekin, Gasteizen.

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan hainbat akordio lortu dituzte, besteak beste, 2018an Ekarpen Lege berria adostea. Dena den, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ahaldun nagusiek ziurtatu dutenez, gaurko bileran ez dute zerga erreformaren gaia jorratu.

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek aurten zergetan bilduko duten diru kopurua zehaztu dute. Iragarri dutenez, guztira 14.367 milioi euro bilduko dituzte, aurtengo Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuetan aurreikusitakoa baino 869 milioi euro gehiago eta inoizko kopururik handiena.

Hala eta guztiz ere, 869 milioi euro horietatik 600 milioi BEZaren inguruan aurten egindako doikuntzei dagozkie. Azpiazu sailburuaren esanetan, hori gabe % 4,7 igoko zen diru bilketa, aurreikusitakoarekin alderatuta.

Lurraldez lurralde, Bizkaian 7.144 milioi euro bilduko dituzte zergatan; Gipuzkoan, 4.449 milioi eta Araban, 2.174 milioi. Bilketaren zatirik handiena BEZari (5.943 milioi euro) eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (5.000 milioi baino gehiago) dagokie. Sozietateen gaineko Zergari lotutako kopuruari dagokionez, 1.142 milioi eurokoa izan da.

Erreforma fiskalaren negoziazioak aurrera jarraitzen du

Gai-zerrendan, baina, ez zegoen zerga-erreforma; EAJk eta PSE-EEk negoziatzen jarraitzen dute, baina gero eta zailagoa dirudi elkarrizketa horren ondorioz sozietate-zergan jaitsiera izatea.

Zerga-erreformari dagokionez, ez dirudi EAJ eta PSE-EEren arteko ituna gertu dagoenik. Bi aldeek negoziatzen jarraitzen dute, baina baliteke EAEko enpresei % 28ko tasa edo tipo nominala aplikatzen jarraitzea. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gogorarazi duenez, jeltzaleek proposatu dute 3 edo 4 puntu jaistea sozietate-zerga, baina sozialistek ez dute onartu, eta, ondorioz, akordioa, gauzatuz gero, beste neurri batzuen bidez heldu beharko litzateke. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak astearte honetan emandako prentsaurrekoan, ez zuen ezkutatu desadostasun hori, baina nabarmendu zuen "amaierara arte" egingo dutela ituna erdiesteko ahalegina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia berriak Unai Rementeria albisteak EAJ Ramiro Gonzalez Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia