Ekonomia -
Katalunia
Abertis, Colonial eta Cellnex enpresen egoitza sozialak, Madrilera
Ibex 35ean dagoen Grifols multinazionalak, berriz, Katalunian mantenduko du bere egoitza soziala, oraingoz behintzat.
Agentziak | Erredakzioa
Ibex 35ean dauden Kataluniako enpresak gehienek beren egoitza soziala Kataluniatik ateratzea erabaki dute, herrialde horretan bizi den egoera politikoa dela eta.
Gaur, Abertis, Colonial eta Cellnex konpainiek iragarri dute egoitza soziala Madrilera eramango dutela.
Guztira, astelehen honetan, sektore ezberdinetako hamar bat enpresek jakinarazi dute beren egoitza soziala Kataluniatik ateratzea erabaki dutela, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrika dezakeela kontuan hartuta.
Espainiako Burtsan egoitza soziala Katalunian zuten zazpi konpainia zeuden duela gutxira arte. CaixaBankek, GasNatural Fenosak eta Sabadell Bankuak joan den astean iragarri zuten egoitza soziala lekuz aldatuko zutela; eta gaur gauza bera egin dute Abertis, Colonial eta Cellnex enpresek.
Horrela bada, egoitza soziala Katalunian mantentzen duen konpainia bakarra dago une honetan Ibex 35ean: Grifols multinazionala. Alabaina, egoera politikoak negozioan eragiten badio, handik joateko aukera aztertuko luke.