Ekonomia -

Katalunia

Gas Naturalek eta Caixabankek egoitza soziala Kataluniatik aterako dute

Egoitza soziala "aldi baterako" Bartzelonatik Madrilera eramatea adostu du Gas Natural Fenosak. Era berean, Caixabankek egoitza soziala Valentziara eramatea erabaki du.

Gas Natural. Artxiboko irudia: EFE
Gas Natural. Artxiboko irudia: EFE
Gas Naturalek eta Caixabankek egoitza soziala Kataluniatik aterako dute

1:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egoitza soziala Bartzelonatik Madrilera eramatea adostu du gaur Gas Natural Fenosaren administrazio-kontseiluak ezohiko bileran, finantza iturriek azaldu dutenez. "Aldi baterako" erabakia dela erantsi dute. Era berean, Caixabankeko administrazio-kontseiluak egoitza soziala Valentziara eramatea erabaki du ezohiko bileran.

Horrela, merkatuak lasaitu nahi ditu Gas Naturalek, Kataluniako Parlamentuak datorren astean aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko hipotesiaren aurrean.

Multinazionalaren egoitza Bartzelonako Gas plazan dago, baita zerbitzu zentralak ere. Orain Madrilgo San Luis etorbidera eramango dute, non Gas Naturalek bulegoak ditu. Bertan 1.600 pertsona bat ari dira lanean.

Gas Naturaleko akziodun nagusiak Criteria (% 24,43), Global Infrastructure Partners (GIP) AEBko funtsa (% 20) eta Repsol (% 20) dira.

Egoitza soziala Kataluniatik at eraman duten enpresekin bat egin du Gas Naturalek, Europar Batasuneko araudiaren babespean jarraituko duela ziurtatzeko.

“Aldi baterako” erabakia dela ziurtatu dute iturriek; izan ere, Kataluniako egoera baretzea espero dute.

Isidro Faine Gas Naturaleko presidentea da. Aldi berean, La Caixa Fundazioaren presidentea ere bada.

Zerbitzu zentralak, Bartzelonan

Nahiz eta egoitza soziala lekualdatu, Gas Naturalek zerbitzu zentralak Bartzelonan mantenduko ditu. 1.100 pertsonak lan egiten dute bertan.

Gas Natural Fenosa multinazionala 30 herrialde baino gehiagotan dago eta ia 22 milioi bezero ditu. Sociedad Catalana para el Alumbrado de Gas enpresan du bere jatorria; 1843an osatu zen.

Ibex indizearen Kataluniako bigarren enpresa da egoitza lekualdaketa onartzen, atzo Sabadell bankuak gauza bera egin baitzuen.

Caixabank, Valentziara

Bestalde, Caixabank egoitza soziala Valentziako Pintor Sorolla kalera eramateko neurriak hartzen ari da, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak jakitera eman duenez.

Espainiako Gobernuak gaur onartutako lege-dekretuaz baliatu da Jordi Gualek zuzentzen duen bankuak lekualdaketa bideratzeko. Exekutibo zentralak egoitza sozialen lekualdaketa errazteko marko berria onartu du gaur.

Horrela, Caixabanken egoitza sozialaren lekualdaketak ez du akziodunen oniritzia jaso behar, nahiz eta bankuaren estutuetako 4.2 artikuluak hala aurreikusi. Akziodunen batzordearen adostasunik gabe egoitza soziala aldatzea eragozten zuen horrek.

Caixabanken akzioek % 0,59 egin dute behera gaur burtsako saioan, baina ostegunean % 4,93 gora egin zuten, Sabadellek egoitza aldatu behar zuela jakitera eman ondoren. Astean zehar Caixabankek % 3,72 egin du behera merkatuetan.

Enpresa ugarik egoitza soziala aldatzea erabaki dute dagoeneko, besteak beste, Gas Natural, Sabadell, Dogi, Naturhouse, Eurona, Oryzon, Proclinic eta Service Pointek. Freixenet edo Codorniu konpainiek gauza bera egingo lukete, aldebakarreko independentzia aldarrikatzen baldin bada.

Ibex 35 indizearen barruan, Abertis, Cellnex eta Colonial enpresek egoitza soziala Katalunian dute, baita FCC, Borges eta Ercrosek ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona argazkiak Kataluniako erreferenduma gaur Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Madril Krisi energetikoa