Ekonomia -
Negoziazioa
Hezkuntza Sailak legealdi honetan 5.000 lanpostu eskaintzea planteatu du
Hezkuntza Sailaren proposamenak “nahikoak ez” direla uste dute sindikatu gehienek, baina eztabaidagai zehatz batzuk mahai gainean jartzea aintzat hartu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Legealdi honetan, 2020. urtera arte, lan eskaintza publikoen bidez 5.000 lanpostu eskaintzea planteatu die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sindikatuei, hasieran aurreikusitakoak baino 2.000 gehiago.
Cristina Uriartek zuzentzen duen Sailak ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariei proposamena azaldu die gaur Gasteizen. Sektoreko mahairen bilera egin dute bertan. Iragan ekainetik ez dira bildu.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek mobilizazioei eutsi zieten atzo berriro, hezkuntza publiko ez unibertsitarioan lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Protesten egutegian greba orokorra dute deituta hiru sindikatuek, abenduaren 12rako.
Bilera amaitu ondoren, hiru sindikatu horiek protesta deialdiak berretsi dituzte.
Proposamen “eskasak”
Hezkuntza Sailaren proposamenak “nahikoak ez” direla uste dute sindikatu gehienek, baina negoziatzen hasteko eztabaidagai zehatz batzuk mahai gainean jartzea aintzat hartu dute.
Uriarteren hitzetan, lan eskaintza publiko horiekin, bitartekotasun tasa 10 puntu jaitsiko da eta % 27tik % 17ra pasako da, ondorioz, legealdiaren bukaeran hezkuntza kolektiboaren % 83 finkoa izango da.
Aitor Idigoras Steilaseko ordezkariak azaldu duenez, Sailak “proposamen konkreturen bat” bide onetik aurkeztu du, baina “gutxieneko” aldarrikapenetatik “oso urrun”.
ELA sindikatuak agiri batean kritikatu duenez, eskaintza honekin behin-behinekotasun tasa % 24,9an kokatuko litzateke eta 6.200 lanpostu baino gehiagok egonkortu gabe jarraituko lukete.
Bestalde, bilera positiboa izan dela esan du Felix Vazquezek (UGT), gutxienez dokumentu bat aurkeztu dutelako, beraz, negoziatzen hastea posible da, baina Hezkuntza Sailaren planteamenduak nahikoak ez direla erantsi du.
CCOO Irakaskuntzaren hitzetan, Hezkuntza Sailaren proposamena “lehen pauso” bat da. Edozein negoziaziotan lan eskaintza publikoez eta lanpostuen egonkortasunaz hitz egitea “funtsezkoa” dela uste du sindikatuak.