Ekonomia -
300dik gora egun greban
Bizkaiko zahar-etxeetako gatazkaren konponbidea, gertu
ELAk onartu egin du sektoreko patronaletako baten eskaintza, baina orain beste batek bat egin behar du.
eitb.eus
Bizkaiko zahar-etxeetako lan gatazkaren konponbidea gertu egon liteke, 300dik gora eguneko grebaren ondoren.
ETBk jakinarazi duenez, ELA sindikatuak onartu egin du sektoreko hiru patronaletako batek (Gesca) egindako eskaintza. Izan ere, eskaintza horrek aldarrikapen gehienak jasotzen dituela uste du zentral abertzaleak.
Orain, baina, gutxienez beste bi patronaletako batek (ELBE edo LARES) egin behar du bat akordioarekin, lan gatazka amaitu dadin.
Gaizka Miguel Bizkaiko zaharren egoitzetako sektorean ELAk duen ordezkariak Europa Pressi adierazi dionez, "ez dago gatazka bukatzeko inolako akordiorik", "akordioa egoteko eta langile guztientzako hitzarmena sinatzeko patronalaren gehiengoa batu behar da".
Miguel oso kritiko azaldu da Elberen aurrean, "erabat desagertuta egon da negoziazioan", esan du. Lares patronala ildo beretik kokatu du ordezkari sindikalak, bere esanetan, "oso gatazkatsua izan da gatazka honetan", "teorian, irabazi asmorik gabeko fundazioa da eta, horren gehiengoa, etekin handiak izaten dituzte eta finantzazio publiko zabalagoa eta itunpeko plaza kopuru gehiago".
Miguelen esanetan, "gatazka honetako alde bakoitzak bere ibilbidea egin behar du, patronalen artean hitz egin beharko dute, eta ez dakit Aldundiak esku hartu behar izango ote duen". "Bi patronaletako bat Gescarekin egindako akordioarekin elkartuko den zain daude langileak", berretsi du.
ELAren ordezkariak azaldu duenez, sindikatuak kanpaina berri bat abiarazi du "gatazka gizartera" eramateko asmoz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan zehar, "herritarrek Bizkaiko zahar egoitzetako langileak pairatzen ari direna ezagut dezaten".
Gainera, datozen egunotan elkarretaratzeak egingo dituzte lantokietan. Astelehenean, urriak 2an, manifesatazioa egingo dute Bilbon, Moyua plazatik La Misericordia Egoitzaraino, hain zuzen, "Lares patronalaren zentro garrantzitsuenetako bat", eta, hurrengo egunean, beste manifestazio bat egingo dute PPren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiraino, iragarri du ELAk.
Bizkaiko erresidentzietako 5.000 langileek 300dik gora greba egun egin dituzte, euren lan baldintza "prekarioak" salatzeko.