Ekonomia -

Sestao

Navaleko langileak kalera atera dira, ontziola ez ixtea eskatzeko

Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari negoziatzeko mahai bat osatzea eskatu diete, ontziolaren etorkizuna bermatuko duen industria-plan berri bat egiteko hiru aldeen artean.

Navaleko langileek manifestazioa egin dute Ezkerraldean. Argazkia: EITB
Navaleko langileek manifestazioa egin dute Ezkerraldean. Argazkia: EITB
Manifestazio jendetsua egin dute Naval ontziolaren defentsan

1:43

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko Navaleko langileek manifestazioa egin dute arratsaldean, ontziolaren eta euskal ontzigintza sektorearen alde.

Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek negoziatzeko mahai bat martxan jartzea eta hiru aldeen artean ontziolaren etorkizuna bermatuko duen industria-plan berri bat lantzea eskatu dute.

Manifestazioa Sestaon hasi, Portugalete igaro eta Santurtzin amaitu da. Mobilizazioan, Barakaldo, Sestao, Santurtzi eta Portugaleteko alkateak egon dira, baita EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu, PSE-EE eta PPko ordezkariak ere. Sindikatu ezberdinetako kideak ere izan dira bertan.

"Naval ez itxi. Espainiako Gobernua, Jaurlaritza, negoziazioa. Enpleguaren alde Ezkerraldean" goiburupean egin dute manifestazioa. “Naval ez itxi”, “Jaurlaritza busti zaitez”, “Negoziazioa” eta antzeko leloak zituzten kartelak eraman dituzte manifestariek.

Santurtzin, adierazpen bat irakurriz bukatu dute mobilizazioa. "Naval Estatuko ontziola pribatu handiena da, ontzi handiak eraikitzeko ahalmena du, eta horrek erakusten du gauzak ondo egiten badakiela, merkatuaren exijentzietara egokituta", azpimarratu dute langileek.

Horrela bada, Navalek etorkizuna baduela eta bideragarria dela konbentzituta agertu dira. Duela 10 urte ontziola pribatizatu zutenean, "SEPIk konpromisoa hartu zuen beharginen eskubideak eta lantegiaren bideragarritasuna bermatuko zituen proiektu bat diseinatzeko, baina ez du bere hitza bete", salatu dute.

Horrenbestez, Navalek egun bizi duen egoeran ardura duten alde guztien arteko negoziazioa eskatu dute: "Espainiako Gobernua eta SEPI, batetik; Eusko Jaurlaritza, bestetik; eta ontziolako enpresa-batzordea eta sindikatua, azkenik".

Industria-plan berriaren lehentasunak zeintzuk izan beharko liratekeen ere azaldu dute: "produkzio ahalmena, instalazioak eta langile kopurua (finkoak, aldi baterako kontratatutakoak eta laguntzaileak) mantentzea; ontziolaren kudeaketan akziodunen bidez parte hartzea; eta Naval Ezkerraldean lana eta aberastasun soziala sortzeko tresna gisa hartzea”.

"Navalek badauka etorkizuna; ontzigintza sektore bat dago, Europan eta munduan, lehian aritzeko, baina Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen babesa eta parte-hartzea behar dugu horretarako", erantsi dute.

Bestalde, gogora ekarri dute 2.000 lagun bizi direla Navali esker, eta ontziola itxiz gero Ezkerraldean "langabezia eta pobrezia nabarmen haziko dira", ohartarazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugalete Santurtzi Sestao Barakaldo Lana Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa Azken ordukoa protestak La Naval ontziola itxiera