Ekonomia -

Sestao

Navaleko ontzi baten armadorea barkua eramaten saiatu da

Gauerdian, ontziolara joan da sei marinelekin, eta sokak moztu dituzte. Zuzendaritza eta enpresa batzordea armadorearen aurkako salaketa aurkeztekotan dira.

Ontziolan bart ETBk grabatutako irudien kaptura. EiTB
Lapurreta saiakera Navalen. EiTB
Navaleko ontzi baten armadorea barkua eramaten ahalegindu da

1:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko Navalen eraikitzen ari diren Living Stone kable-ontziaren Tideway/Deme armadore herbeheretarra ontziolan agertu da bart barkua eramateko asmoarekin. Saiatu bada ere, azkenean alde egin du, langileek Ertzaintzari deitu baitiote.

ETBko Egun on Euskadi saioak jakin duenez, armadorea gauerdi aldera agertu da ontziolan, sei marinelekin. Navaleko segurtasun langileek estatxak erradial batekin mozten harrapatu dituzte, ontzia eramateko. Berehala zuzendaritzako eta enpresa batzordeko ordezkariei deitu diete, lapurreta ekiditeko. Ertzaintza ere bertaratu da, eta azkenean, armadoreak alde egin du.

Horiek identifikatutakoan, joaten utzi diete, baina enpresak salaketa jarriko duela adierazi du.

"Ontziari kalteak egin dizkiote", langileen hitzetan.

Langileen batzordea ere, salaketa aurkeztekotan

Navaleko enpresa batzordeak salatu duenez, armadoreak "arrisku bizian jarri ditu langileen segurtasun eta osasuna" Living Stone kable-ontzia "indarrez" eramaten saiatuta. Izan ere, azaldu dutenez, "oraindik ez dute bukatu, eta armadoreak ez du ordaindu". Hori horrela, zuzendaritzak iragarri duen bezala, eurak ere salaketa jartzeko aukera aztertzen ari dira, "balizko kalteengatik".

Ohar batean diotenez, armadoreak "ez zuen ontzia eramateko baimenik, eta zuzendaritzari ere ez dio bere asmoen berri eman". Bart gertatutakoa "oso larria" dela uste dute, "langileen segurtasun eta osasuna arrisku bizian" jarri duelako, "baita itsasadarraren trafikoa ere".

Langileen ordezkarien arabera, "ontzia egiteko lanak geldituko dituzten beldurrez, hura eramaten saiatu da. Oraindik beste sei hilabete behar ditugu amaitzeko; beraz, litekeena da beste ontziola batera eraman nahi izatea, bertan amaitzeko".

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Sestao argazkiak Zer gertatu da Bizkaian? Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea Construcciones Navales del Norte