Ekonomia -
AEB-ko konpainia
Toys 'R' Usek ez du Estatuan dendarik itxiko porrot egin ostean
AEBko jostailu-saltzaileak bost denda ditu Hego Euskal Herrian: Barakaldon, Basaurin, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Agentziak | Erredakzioa
Toys 'R' Us jostailu-saltzaileak porrot egin du, Ameriketako Estatu Batuetan zor handia pilatu baitu. Porrot egitea borondatez aitortu du konpainiak, kapitala berregituratzeko helburuarekin. Hala ere, Espainian dendarik ez duela itxiko iragarri du multinazionalak.
Toys ‘R’ Usek 51 denda eta 1.600 langile zituen Espainian maiatzean. Porrotak, baina, ez omen die oraingoz eragingo.
Bestalde, AEBko jostailu-saltzaileak bost denda ditu Hego Euskal Herrian: Barakaldon, Basaurin, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
Jostailu-saltzailearen zorra 5.000 milioi bat dolarrekoa da. Gainera, 400 milioi dolar ordaindu beharko ditu berehala.
Toys ‘R’ Us JP Morgan inbertsio bankuarekin akordio batera heldu da. Auzitegiak onartzeko zain, 3.000 milioi dolar emango dizkio bankuak, zorraren zati bat finantzatzeko.