Ekonomia -
LAN ERREGULAZIOKO PLANA
Edesa Industrialen helburua ekoizpena Euskadin mantentzea da
Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak lehen bilera egin dute, CNA taldeak langile guztiak kaleratzeko espedientea aurkeztu ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Edesa Industrialeko zuzendaritzak (Edesa Industrial CNA taldearena da) jarduera etetea saihestu nahi du, haren esanetan, bere helburua "produkzio industriala Euskadin mantentzea delako".
Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak lehen bilera egin dute gaur Garagartzako lantegian, Arrasaten, CNA taldeak langile guztiak kaleratzeko espedientea aurkeztu ostean.
Bileraren ostean enpresa batzordeko iturriek azaldu dutenez, ez da inolako aurrerapausorik izan eta alde bakoitzak bereari eutsi dio.
Batzarrak irauten zuen bitartean Edesa Industrialeko eta Geyser filialeko langileek kontzentrazioa egin dute CNA taldeak itxi nahi duen lantegiaren atarian.
Edesa Industrialek ohar labur baten bitartez jakinarazi duenez, ekoizpen industriala Euskadin mantendu nahi du, nahiz eta langile guztiak kaleratzeko txostena aurkeztu behar izan duen "altxortegi faltarengatik eta egiturazko gastuengatik". Halaber, zuzendaritzak errealitate horri aurre egiten dion langileekiko errespetu gorena erakutsi du eta beraiekin akordioa lortzeko itxaropena agertu du.
Bestalde, enpresa batzordeko iturrien esanetan, "tramitezko bilera izan da". Langileek mobilizazioak ugarituko dituzte aurrerantzean zuzendaritzaren asmoen aurka.