Ekonomia -
Negoziazioak apurtu dira
Adegik Metalaren Mahaia utzi egin du
"Ez dugu ELAk eta LABek deitutako grebaren mehatxua onartuko" adierazi du Gipuzkoako patronalak ohar batean. Sindikatuek iraileko grebak bertan behera utzi dituzte, negoziazioa "berrezartzeko".
Erredakzioa
Adegi Gipuzkoako patronalak Metalaren Mahaia "behin-betiko" utzi egin duela iragarri du gaur goizean. Negoziazioak hasi aurretik, ELAk eta LABek greba deitu dutela azpimarratu du patronalak ohar batean. "Ez dugu grebaren mehatxua onartuko", gaineratu du.
Bestalde, ELAk eta LABek bertan behera utzi dituzte iraileko 27an eta 28an egin behar zituzten grebak. Helburua, "negoziazioa berrezartzea". Hori bai, gainerako zazpi egunetarako greba deialdiak mantentzea erabaki dute, "lan-hitzarmen duina" lortzen duten arte.
"Lan-hitzarmenaren eta grebaren artean, sindikatuek greba aukeratu dute, nahiz eta, negoziazioak hasteko helburuarekin Adegik hainbat kontsezio egin dituen".
Adegik, berriz, "lan hitzarmena" aukeratu egin duela nabarmendu dute, baina "mehatxuak aurrera egiten badu, eta greba bertan behera gelditzen ez bada", Metalaren Mahaian ez direla berriro eseriko nabarmendu dute.
ELAk eta LABek negoziatzeko "gogorik" ez dutela salatu du Adegik, eta horregatik "langileei iruzur" egin dietela esan du patronalak. Sindikatu bi horien "arduragabekeria" eta "hertsitasuna" ere agerian utzi du patronalak, greba deialdia mantentzeagatik.
Bi greba egun, bertan behera
ELAk eta LABek astelehenerako eta astearterako deitu zituzten greba egunak bertan behera utzi dituzte.
Horrez gain, sindikatuek Negoziazio Mahaia deitu dute irailaren 28rako.
"Greba deialdirik gabe negoziatu ahal izan dute, baina ez dute aurrerapausurik eman", kritikatu du ELA sindikatuak.