Ekonomia -

BILERA ENPRESA BATZORDEAREKIN

La Navaleko hartzekodunen konkurtsoa ondo prestatu nahi du Jaurlaritzak

Hala ere, Arantxa Tapia sailburuak argi utzi du ez duela oraingoz hiruko negoziazio mahairik osatuko, enpresa batzordeak hori eskatu arren.

Arantxa Tapial eta La Naval ontziolako enpresa batzordeak bilera egin dute. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak La Navaleko hartzekodunen konkurtsoa lagunduko du

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko La Naval ontziolaren auzian, une honetako lehentasuna hartzekodunen konkurtsoa "ahalik eta ondoen" prestatzea dela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, eta oraingoz baztertu egin du hiruko negoziazio mahaia osatzea.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua La Naval ontziolako enpresa batzordeko ordezkariekin elkartu da gaur, eta Jaurlaritzak ontziolaren etorkizunaren inguruan duen iritzia eman die.

Urriaren 7tik aurrera hartzekodunen konkurtsoan sartuko da La Naval ontziola. Langileek hiruko negoziazio mahaia (Jaurlaritza, Espainiako Gobernua eta enpresa) osatzea proposatu diote Jaurlaritzari, baina sailburuak erantzun die ez dela horretarako unea, aukera hori erabat baztertu ez badu ere.

Tapiaren esanetan, "ez du atzera bueltarik" eta orain hartzekodunen konkurtsoa "ahalik eta ondoen" prestatzea da lehentasuna, ontziolaren jarraipena bermatzeko eta eraikitzen ari diren lau ontziak amaitu ahal izateko.

Bestalde, Espainiako Industria Ministerioarekin lan egitearen alde agertu da sailburua, laguntzarik eman ote daitekeen aztertzeko. Dena den, lehendakariak ohartarazi zuen ez zutela diru publikorik jarriko.

Juanjo Llordan enpresa batzordeko ordezkariak azaldu duenez, Tapiarekin gaur izandako bilera "hotza" izan da. Haren esanetan, La Navalek Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren babesa behar du etorkizunean ere bi mila langile izateko. Hori dela eta, hiruko negoziazio mahaia osatzea proposatu dute.

Enpresa batzordeak La Navaleko akziodunen jarrera kritikatu du, eta atzo horiekin izandako bilera "lotsagarria" izan zela esan du. "Gure ustez, akziodunek beren esku dagoen guztia egingo dute hartzekodunen konkurtsotik ahalik eta galera ekonomiko txikienarekin ateratzeko, eta berdin zaie ontziolari eta langileei zer gertatzen zaien. Akziodunek beren interes ekonomikoak bakarrik zainduko dituzte.

Datorren astean bilera sortarekin jarraituko du La Naval ontziolak: astelehenean, Ezkerraldeko lau alkaterekin bilduko da, eta asteazkenean, berriz, langile guztiekin. Halaber, ostegunean kontzentrazioa egingo dute Murueta ontziolaren aurrean, eta hilaren 21ean manifestazioa egingo dute ontziolatik Santurtzira. Horrez gain, mozioak aurkeztuko dituzte udaletan, eta agerraldia eskatuko dute Eusko Legebiltzarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Sestao Bizkaia Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea