Ekonomia -
Ontziola, konkurtsoan
Atzera bueltarik ez dagoela berretsi die Navaleko zuzendaritzak langileei
Inbertitzaile bat azaltzen bada, jarraipen konkurtsoa izango da; halakorik gertatu ezean, baina, likidatu egingo dute. Langileak Tapia sailburuarekin bilduko dira gaur.
Agentziak | Erredakzioa
Atzera bueltarik ez dago. Naval ontziola hartzekodunen konkurtsoan sartuko da urriaren 7an, ezinbestean. Hala berretsi die bart Navaleko zuzendaritzak langile batzordeko kideei. Bi agertoki baino ez omen daude: inbertitzaileren bat azaltzen bada, jarraipen konkurtsoa izango da; hori gertatu ezean, baina, ontziola likidatzeko prozesuari ekingo diote.
Navaleko langileek 24 orduko itxialdia egin berri dute (asteazkeneko 18:00etatik osteguneko 18:00etara), eta hura amaitutakoan bildu dira beharginen ordezkariak ontziolako akziodun nagusiekin. Gaur, ostiralarekin, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuarekin batzartu dira, 10:00etan.
Bart gaueko bileran, langileek estu hartu dituzte akziodunak. Gogorarazi dietenez, batzordea 2014tik ibili da ontziolaren "galerez eta diru desbideratzeez ohartarazten". Egungo egoerara nola heldu diren galdetu diete, eta urte horietan euren ustez egindako "akatsak" azalarazi.
"Siestatik esnatu berri direla ematen du. Badirudi Ingeteam eta Murueta akziodun nagusiak ez direla gertatu denaren arduradun, baina eurek hartu dituzte erabakiak", salatu du Txema Velon UGTk enpresa batzordean duen kideak.
Akziodunek langileei nabarmendu dietenez, hartzekodunen konkurtsoa beste irtenbiderik ez dute aurkitu, baina "balizko inbertitzaile bat bilatzeko lanean" ari dira. Zuzendaritzaren esanetan, balizko akziodun horri "gauzak errazteko prest" daude.
Prozedura konkurtsala kudeatzeko, administratzaile bakar bat izendatu nahi dutela jakinarazi die Navaleko zuzendaritzak. Enpresa batzordeak, ordea, auzi honen parte diren alde guztiek osatutako administrazio kontseilu bat eratzea eskatu du, Eusko Jaurlaritza barne. Gaur Tapia sailburuarekin izandako bileran eskakizun horri erantzutea espero du batzordeak.