Ekonomia -
Lan-gatazka
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek urriaren 31ra arte luzatu dute greba
Bizkaiko Foru Aldundiak tarifak izozteko eta ratioei eusteko proposamena egin du, eta, horren aurrean, greba luzatzea erabaki dute beharginek.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek gaur iragarri dutenez, urriaren 31ra arte luzatu dute greba egiteko deia. 300 egun baino gehiago daramatzate greban euren lan-baldintzak hobetzeko eskatuz.
Bizkaiko Foru Aldundiak zahar-etxeetako itunpeko enpresei egindako azken proposamenaren ostetik hartu dute beharginek erabakia. Horren arabera, ohe bakoitzeko ordaintzen den zenbatekoa 81 euroan mantenduko dute gutxienez 2018ko urrira arte.
ELA sindikatuak ohar baten bidez salatu duenez, tarifak izozteko erabakia "larria eta arduragabea" da, eta gatazka konpontzea oztopatuko du. Sindikatuak egindako kalkuluen arabera (KPIaren igoerak kontuan hartuta), 81 eurokoari eutsita, prezioa 2015ean baino % 4-5 baxuagoa da.
"Sektoreko hiru patronalek (GESCA, LARES eta ELBE) inposatutako blokeo egoera hori babestu baino ez du egiten Aldundiaren erabakiak, eta akordioa are gehiago zailtzen du", kritikatu dute.
Bizkaiko zahar-etxeetako beharginen ustez, erabaki hori eta Unai Rementeriak uztailaren hasieran egindako adierazpenak ez datoz bat. "Erabat zinikoa da 'soldatak igotzeko ordua' dela publikoki aldarrikatu eta 'Bizkaia adinez nagusi egiteko lurralde egokia' egin nahi duela esatea eta, aldi berean, Bizkaiko zahar-etxeetako 3.000 plazen prezioa mantentzeko erabakia hartzea", esan dute.
Horren aurrean, langileen ordezkariek greba egiteko beste deialdi bat erregistratu dute gaur goizean, urriaren 31ra arte. 300 egun baino gehiago daramatzate greban, eta "irmo" borrokatzeko asmoa dute oraindik. Besteak beste, 35 orduko lan-astea, 1.200 euroko soldatak eta lankide gehiago kontratatzea eskatu dute.