Ekonomia -

Hartzekodunen konkurtsoan

Ontziolaren kontrola hartzeko eskatu dio Navaleko batzordeak Jaurlaritzari

Navaleko enpresa-batzordea EH Bilduko ordezkariekin bilduko da astearte honetan, ontziolaren egoeraren berri emateko, gaur EAJrekin eta PSErekin gauza bera egin ondoren.

La Naval ontziola. Argazkia: EFE
La Navaleko langileak erantzukizunak eskatu eta protesta iragarri dituzte

1:12

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko Navaleko enpresa batzordeak ontziolaren kontrola bere gain hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Naval ontziola laster sartuko da hartzekodunen konkurtsoan eta azken 10 urteotako kudeaketa bere gain hartzeko galdegin die enpresa batzordeak akziodun nagusiei, konpainia egoera horretan egotearen erantzule direla iritzita.

Lantegian bertan egin duten prentsaurrekoan, Pedro Gonzalez enpresa batzordeko presidenteak eta Juanjo Llore idazkariak Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza kritikatu dituzte. 2006an Naval ontziola pribatizatzea aurpegiratu diote Espainiako Gobernuari, eta pribatizazioari onespena ematea, berriz, Eusko Jaurlaritzari.

Bestalde, Navaleko akziodun nagusien kontra (Ingeteam eta Murueta) ere egin dute. Enpresa batzordearen esanetan, akziodun nagusiek "kontrolik gabe" eutsi diote azken hamarkadan ontziolari, eta "aberasteko" asmoarekin aritu dira lanean, ontziolaren etorkizuna baino, "beren enpresak gogoan hartuta".

Enpresa batzordeak iragarri duenez, datorren asteazkenean 24 orduko itxialdia egingo dute langileek Naval ontziolan. Ostegunean, enpresa batzordeak akziodun nagusiekin bilera egiteko asmoa du, "beharrezko azalpen guztiak" eskatu eta konpainiaren benetako egoera ezagutzeko. Halaber, manifestazioa egingo dute datorren astean Ezkerraldean.

Bestalde, Sestaoko Navaleko enpresa batzordea alderdi politikoekin bilduko da datozen egunotan, gaurtik hasita. Enpresa batzordeak Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuari ere eskatu dio bilera egiteko hitzordua, eta erantzunaren zain dago.

Alderdi politikoekin bilera-sorta

Navaleko enpresa-batzordea EH Bilduko ordezkariekin bilduko da astearte honetan, ontziolaren egoeraren berri emateko, gaur EAJrekin eta PSErekin gauza bera egin ondoren.

Hitzorduan Arnaldo Otegi idazkari nagusiak eta Iker Casanova, Jasone Agirre eta Asier Vega legebiltzarkideek parte hartzea espero da.

Horrela, enpresa-batzordea Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin bildu da goizean, Bilbon. Enpresaburuekin eta erakundeekin batera negoziazio mahai bat martxan jartzeko proposamena babestu dute sozialistek.

Ondoren, EAJko ordezkaritza batekin hitzordua izan dute langileen ordezkariek Sabin Etxean, Bilbon. Bertan izan dira Andoni Ortuzar presidente jeltzalea eta Joseba Aurrekoetxea eta Kepa Aldama burukideak.

EH Bildurekin bildu ondoren, Navaleko enpresa-batzordeak Podemos Euskadirekin bilera egingo du asteazkenean. Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuarekin hitzordua adosteko zain dira beharginen ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Sestao Eusko Jaurlaritza berriak Ekonomia 2024 Gaurko azken orduko albistea La Naval azken ordukoa