Ekonomia -
Ontziola, konkurtsoan
Navaleko langileak: 'Konkurtsoaren kontra borrokatzeko garaia da'
Ordezkari politikoekin eta Arantxa Tapia sailburuarekin bildu ostean erabakiko dute mobilizazioak deitu ala ez.
Agentziak | Erredakzioa
"Enpresaren bideragarritasuna" defendatuta, Naval hartzekodunen konkurtsoan sartzearen kontra "borrokatzeko garaia" dela nabarmendu dute gaur Sestaoko ontziolaren langileen batzordeko ordezkariek.
Batzordea goizean bildu da, eta osatzen duten sindikatu guztiek "bat eginda" daudela azaleratu da bileran, langileen ordezkariek azpimarratu dutenez. Beharginak "arduratuta" daude egoerarekin, eta "zalantzak argitu" nahi dituzte.
Mobilizazioak ahotan eduki dituzten arren, ez dituzte zehaztu nahi izan eta ordezkari politikoekin, Jaurlaritzarekin eta akziodunekin datorren astean egin beharreko bileren ostean erabakiko dituztela iragarri dute.
Bilera sorta
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin bilduko dira Navaleko batzordea. Hala, astelehenean Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearekin batzartuko dira. Asteartean, EH Bildurekin dute hitzordua, eta asteazkenean, Alfonso Alonso Euskadiko PPren buruarekin. Elkarrekin Podemosekin itxiko dute alderdi politikoekin egingo duten bilera sorta.
Era berean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari ere batzarra eskatu diote, baina oraindik ez diete zehaztu. Ostegunean, hilaren 7an, Akziodunen Batzarrarekin du hitzordua.
Behin bilerak bukatuta, langileekin batzarra egingo dute eman beharreko pausoak adosteko.
Jaurlaritzaren egitekoa
Langileen batzordeko kideek ez dute uste urriaren 7a baino lehen enpresa erosteko inbertitzailerik agertuko denik; "ezkorrak gara horretan", aitortu du Txema Belon UGTk batzordean duen bozeramaileak.
Horren esanetan, "hartzekodunen konkurtsoaren kontra borrokatzeko garaia da orain. Ez dugu uste hori konponbidea denik. Enpresaren bideragarritasuna babestu nahi dugu, lanean jarraitu behar dugu".
Inbertitzaileak bilatzeko prozesu honetan Eusko Jaurlaritzak "paper garrantzitsua" duela azpimarratu du Belonek, baita "egungo jabeak kontrolatzeko eta gauzak ondo egiteko presionatzeko orduan ere", erantsi du.
UGTko kidearen aburuz, ontziola erosi nahi duen inbertitzaile horrek "etorkizuneko egitasmoa prestatu behar du, epe luzekoa, ontziolaren eta Ezkerraldeko enpresa guztien geroa bermatzeko. Ez zaigu nor den axola, gure ardura Navalen etorkizuna da".