Ekonomia -
Inbertitzailerik gabe
Naval, hartzekodunen konkurtsora
Enpresaren zuzendariak hala jakinarazi die langileei. Ontziolaren jabeek ez dute urriaren 7ko epemugara arte itxarongo, eta berehala egingo dute eskaera.
EITB.EUS
Ziurgabetasun beteko hilabeteen ostean, aurreikuspen beltzenak bete dira gaur Sestaon. Naval ontziolako akziodunek erabaki dutenez, hartzekodunen konkurtsoan sartzea eskatuko dute aurki, horretarako zehaztuta zegoen epemuga (urriaren 7a) bete barik.
Akziodunen Batzar Nagusia izan da goizean enpresak Bizkaiko udalerrian duen bulegoan, eta bertan hartu dute erabakia. Lana izan arren, 150 milioiko pilatutako zorra du ontziolak, eta hilabeteotan ez dute bere egoera ekonomikoa onbideratzeko inbertitzailerik topatu.
Batzarra amaitutakoan jakinarazi dio zuzendaritzak albistea langileen batzordeari.
Juanjo Llorden batzordeko kideak Euskadi Irratiari azaldu dionez, datorren astean ontziolaren jabeekin bilduko dira xehetasun gehiago eskuratzeko. Jaurlaritzarekin eta EAJrekin eta PSE-EErekin ere batzartzekoak dira. Bien bitartean, mobilizazioak egiteko aukera aztertuko dute.
Del Dagoren berririk ez
Hartzekodunen batzarraren bilera aurreratu egin da inbertitzailerik ez dagoelako eta Manuel del Dago enpresaburuaren erantzunik jaso ez dutelako, ontziolaren % 80 erosteko finantzaketa lortzeko epea bete ostean.
Del Dago uztailaren 27an izan zen ontziolan, eta bilera egin zuen bertan erakundeekin, egungo bazkideekin eta enpresa batzordearekin proiektuan aurrera egiteko asmoa helarazteko, baina bi asteko epea eskatu zuen finantziazioa prestatzeko. Kapital handitzea 42 milioi eurokoa izan behar zen.
Jarraipen konkurtsoa
Hartzekodunen konkurtsoa enpresa kaudimenik gabe eta zorrei aurre ezin eginda dagoenean jartzen da martxan. Navalen kasuan, borondatezko prozedura da, enpresak berak eskatu duena. Kudeaketa konkurtso administratzailearen esku geratuko da. Ordutik aurrera, egoera eta likidazioa aztertuko dituzte. Konkurtso gehientsuenak enpresa itxita amaitzen dira.
Hala ere, eta batzordeko iturrietatik azaldu dutenez, enpresak esan die "jarraipen" konkurtsoa izateko asmoa dutela, hau da, lantegiaren etorkizuna bermatu nahi dutela.
1.800 langile inguru eta lau ontzi eraikitzen
Navalek 220 langile finko eta 1.600 azpikontratatu ditu lantegiaren barruan. Ontziolak gaur egun lau ontzi eraikitzeko kontratuak ditu. Aurreratuen duten lana Tideway enpresarentzako egiten ari dira, eta zazpi hilabetean amaitzea espero dute.
Ingeteam eta Murueta dira akziodun nagusiak, eta bakoitzak kapitalaren % 33,8 du.
Eusko Jaurlaritzak egoera aztertuko du
Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak esan du aztertu egingo dutela "non lan egin" Navalen etorkizunerako, baina lehenik Del Dagok enpresa erosiko ote duen ikusi nahi omen du. Gainera, konkurtsoan sartuz gero, "egoera onuragarrian" ateratzen saiatzeko "lan zorrotza" egingo dutela hitzeman du.