Ekonomia -

Enpresa, kinka larrian

Ontziolaren 'benetako egoera' argitzeko eskatu dute Navaleko langileek

Ontziolaren etorkizuna arriskuan ikusita, bilera eskatu diete akziodunei. Akziodunen Batzar Nagusia bilduta dago.

Ontziolaren zorra 150 milioikoa izan liteke. Argazkia: Naval
Argazkia: Naval
Sestaoko Naval ontziola, kiebraren atarian

1:48

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Navaleko langileek eta batzordeko kideek elkarretaratzea egin dute gaur ontziolak Sestaon duen bulego nagusiaren aurrean, eta Akziodunen Batzar Nagusia hasi baino lehen. Enpresaren zuzendari nagusiari gutuna eman diote, honek akziodunen esku utz dezan. Idatzian ontziolaren "benetako egoera" zein den argitzeko bilera eskatu diete.

Akziodunak 10:00etatik daude bilduta enpresaren egoera zaila aztertzeko. 150 milioi euroko zorra du pilatuta Navalek, eta bere egoera ekonomikoa inbertitzaileen beharra du. Orain arte, baina, ez du halakorik topatu eta hartzekodunen aurrekonkurtsoa hurbilago dago (urriaren 7a ezarri dute epemuga gisa).

"Bilera nahi dugu denekin, ez bakarrik administrazio kontseiluarekin, baizik eta Batzarrean dauden bazkide eta aholkulari guztiekin", adierazi dute langileen batzordeko iturriek.

Ontziolaren etorkizuna zein izango den jakin nahi dute langileek, "zer egin nahi duten akziodunek", alegia.

Hala, "gaur, sikiera bost minutuz" biltzeko eskaera egin diete akziodunei, gerora, "lasaitasunez" beste bilera batzuk egin beharko dituztela dakite arren.

Langileen batzordeak ontziolaren "benetako egoera" ezagutu nahi du, "egungo jabeak desagertuta daudelako, eta dena zuzendari nagusiaren esku utzi dutelako".

"Ziurgabetasuna"

Beharginen esanetan, "ziurgabetasuna" da nagusi, ez baitute informaziorik.

Lana badago Sestaoko nasetan, lau ontzi eraikitzen ari baitira. Guztira, 500 bat langile ari dira beharrean (220, finko).

Lana egon arren, pilatutako zorra da kezka iturri. Uztailean Manuel del Dago enpresaburuak itxaropena ekarri zuen Sestaora. Hilabete amaieran izan zen Navalen, erakundeekin, enpresaren jabeekin eta enpresa batzordearekin biltzeko. Denei ontziolaren %80 erosteko asmoa zuela jakinarazi zien, baina hiru asteko epea eskatu zuen inbertsiorako finantza egitura osatzeko. Bidea errazteko, 42 milioi euroko kapital handitzea adostu zuten egungo jabeek (Astilleros Murueta eta Ingeteam dira nagusi, bakoitzak kapitalaren % 33,8 baitu). Epea gaindituta, eta Sestaon ez dute haren berririk.

Jaurlaritzaren jarrera

Auzi honen inguruan galdetu diote gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari. Zuhur agertu da eta gaur batzarrean "zer gerta" itxaron behar dela. "Batzarra amaituta, dauden aukerak aztertuko ditugu eta zein norabidetan lan egin dezakegun ikusi behar dugu. Orain arte bezala, langileekin eta akziodunekin aztertuko dugu. Baliteke Manuel del Dago azaltzea, edo beste inbertsoreren bat", adierazi du Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo esan zuenez, Naval duela zazpi "edo hamar urtetik" dago egoera txarrean. "Kontuan izan beharko da nola den posible eskaerak jasotzeko moduan dagoen enpresa bat horrela egotea", gaineratu zuen.

Lehendakariak berretsi zuen Jaurlaritzak "azterketak egiten eta alde guztiekin etengabe hitz egiten" jarraituko duela. "Beste kontu bat da hori komunikabideetan ez agertzea. Ziurtatu egiten dut kasu bakoitzean gaudela", azpimarratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Zer gertatu da Bizkaian? EAE albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak La Naval ontziola itxiera