Ekonomia -

Ernaik deituak

500 lagun izan dira Donostian turismo-ereduaren aurkako manifestazioan

'Zuen turismoa, gazteon miseria' lemapean egin dute; Gipuzkoako hiriburuko erdiguneko kaleetatik eta Alde Zaharretik ibili dira.

Manifestazioa Donostiako erdialdetik ibili da. Argazkia: EFE.
Manifestazioa Donostiako erdialdetik ibili da. Argazkia: EFE.
Ernairen manifestazioa, egungo turismo-ereduaren aurka

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

500 bat lagun, tartean Sortuko hainbat agintari, Ernaik Donostian turismo-ereduaren aurkako manifestazioan izan dira gaur arratsaldean. Protesta Aste Nagusian egin da, Sortuko gazte-organizazioak deitua, 'Zuen turismoa, gazteon miseria' lemapean.

Sortuko ondorengo agintariek hartu dute parte protestan: Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek. Parte-hartzaileek hainbat kontsigna oihukatu dituzte manifestazioan: 'Euskal Herria ez dago salgai', 'Ez da turismofobia, gazte-borroka da', 'EAJ kapital, alianza kriminala', 'Eneko Goia, kapitalaren zerbitzuan', edo 'Ubarrechena, kanpora'; azken hori Mikel Ubarrechena Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko presidentea da, eta atzo bertan bildu zen Arnaldo Otegirekin.

Donostiako erdialdetik eta Parte Zaharretik ibili da protesta; hainbat komunikabide izan dira, eta zenbait nazioarteko telebista eta irrati bertaratu. Besteak beste, Errusia, Suitza, Alemania, Belgika eta Frantziako komunikabideak iritsi dira Donostiara, manifestazioaz informatzea xede.

Petardo batzuk entzun dira, bai eta 'tourist go home' oihuren bat; Mikel Urdangarin Ernaiko bozeramaileak eta Miren Zabaleta Sortuko agintariak, baina, nabarmendu dute gaurkoa ez zela turismoaren aurkako ekintza bat.

Oihuak eta txistuak handiagoak izan dira manifestazioa Maria Cristina Hoteletik igaro denean; Ertzaintzaren furgoneta bat zegoen aparkatuta bertan.

Ekitaldi politikoa, Zuloaga plazan

Ibilbidea Zuloaga plazan amaitu da; bertan, ekitaldi politikoa egin dute. Agertokian, pankarta bat zegoen, eta bertan Eneko Goia Donostiako alkatearen eta Ernesto gasco Turismo zinegotziaren karikaturak zeuden. Erditik igarotzeko, gerora, zulatu dituzte.

Sortuk goizean esan du protestan egongo zela; Miren Zabaletaren arabera, aldarrikatu nahi zuten beharrezkoa dela 'eztabaida zabaltzea', eredu turistikoaren gainean.

Zabaleta, halaber, ezker abertzaleari 'arduragabea' dela diotenei zuzendu zaie; esan die 'ardugabekeria arazoa ukatu egiten dutenengan' dagoela.

Mikel Urdangarin Ernaiko bozeramaileak berretsi du hau ez dela izan 'turismoaren aurkako mobilizazioa, modu abstraktuan, edo turisten aurkakoa', baizik eta eredu jakin baten aurka; izan ere, 'batzuek eraiki nahi dute' eredu hori, 'gutxi batzuen onuran'.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Donostia bideoak Sorturen azken albisteak Turismoa Euskadi albisteak Alderdi politikoak albisteak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa