Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Goia: 'Turismoari buruzko eztabaida zarata da, kutsu politiko handiarekin'

Donostiako alkateak esan duenez, aurtengo okupazio datuak iazkoen oso antzekoak izan arren, 2016an ez zen eztabaidarik piztu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Goia Donostiako alkatearen ustez, hiriko turismoaren inguruan aurten abiatu den eztabaida "zarata da, eta kutsu politiko nabarmena du". Izan ere, gogorarazi duenez, aurtengo okupazio datuak iazkoen oso antzekoak dira, baina 2016an ez zen eztabaidarik egon.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean adierazi duenez, "positiboa da edozein gairen inguruan eztabaidatu ahal izatea, horri ez diot inoiz ezetzik esango, baina eztabaidak lasaitasunez egin behar dira, datuek eskaintzen duten zorroztasunarekin".

Hala, turismoaren auzia "udako gaia" bilakatu dela uste du Goiak, "datuekin baino, sentsazioen gainean eraikitakoa". Gainera, eztabaidak "kutsu politiko nabarmena" duela esan du.

Turismoa 2017-2021 Gida Plana

"Gure hirian, Turismoa 2017-2021 Gida Plana egiteko unean eduki dugu eztabaida. Protagonista diren agenteekin ez ezik, fenomeno honen eraginpean izan daitezkeen herritarrekin ere izan gara ", gogorarazi du.

Azaldu duenez, plana ekainean onartu zuten, eta Donostiak "nahi duen" turismo ereduaren oinarriak finkatu zituzten.

"Hori da eztabaidagunea, lekua eta modua. Ez dut eztabaida saihestu nahi, baina iruditzen zait une batzuetan eztabaida galdu egiten dela. Gainera, jarrera jakin batzuekin duen helburua baino, kontrakoa lortzen da", ohartarazi du.

Halaber, eztabaida datuak eskura edukita egin behar dela uste du alkateak. Ildo horretan, aurtengo uztaileko okupazio maila eta iazko epean zegoena "oso antzekoa" dela adierazi du; "are, kasu batzuetan, apur bat txikiagoa da aurten, baina iaz ez genuen eztabaidarik izan", erantsi du.

Larrion: 'Ernairen ekintzak gazteen etsipenaren oihua dia'

Miren Larrion EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak ere turismoaren eztabaida eduki du hizpide Onda Vasca irrati katean egin dioten elkarrizketan. Haren hitzetan, "Ernairen ekintzak gero eta aukera gutxiago dituen gazteriaren etsipenaren oihua dira".

Nabarmendu duenez, "gazteak konturatu dira gurasoak baino okerrago biziko direla, gero eta arazo gehiago dituztela etxebizitza edukitzeko, lana topatzeko. Duten etorkizun beltz horren inguruan ohartarazpena egin nahi izan dute".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia bideoak Eneko Goia bideoak Euskadi argazkiak Gizartea Ekonomia 2024 Albisteak