Ekonomia -
Turismoa
Turismo ereduaren aurka Donostian deitutako martxari eutsiko dio Ernaik
Donostiako Alde Zaharreko hainbat kaletan turisten aurka agertu diren pintadekin loturarik ez duela adierazi du Sorturen gazte erakundeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datorren abuztuaren 17rako turismo-ereduaren aurka Donostian deitutako manifestazioari eustea erabaki du Ernai gazte erakundeak.
Lur Albizu ezker abertzaleko gazteariaren bozeramaileak azaldu duenez, deialdi horren aurka EAJk, PSE-EEk, PPk, Ciudadanosek eta Eusko Jaurlaritzak plazaratutako jarrerak aztertu dituzte, eta "gehiegizkoak" direla ondorioztatu ostean, deialdiari eustea erabaki dute.
Eredu turistikoaren aurkako manifestazioa izango da, "Zuen turismoa gazteon miseria" lelopean, eta abuztuaren 17an izango da, Donostiako jaietan, hain zuzen ere.
Amaitzeko, Donostiako Alde Zaharreko hainbat kaletan turisten aurka agertu diren pintadekin loturarik ez dutela azpimarratu du Albizuk.
The Timesek eta BBCk berria jaso dute
Bestalde, turismoaren aurka Bartzelonan eta Donostian izandako erasoak jaso dituzte The Times Erresuma Batuko egunkarian eta BBC telebista-katean.
The Timesek aipamena egin dio gertaerari "Anarkistek turistak mehatxatu dituzte" lerroburuarekin; BBCk, berriz, eraso horiek lotu ditu Kataluniako eta Euskadiko ezker independentistarekin.
The Times egunkariaren portada. Argazkia: EiTB