Ekonomia -
Turismoaren inguruko polemika
'Demagogia' alde batera uztea eskatu dio EAJk ezker abertzaleari
'Euskal erakundeei eta turismo sektoreari' babesa erakutsi die alderdi jeltzaleak ohar batean, 'estrategia turistiko jasangarria' garatzen ari direlako.
Agentziak | Erredakzioa
Turismoaren inguruko polemikan "demagogia" alde batera uztea eskatu dio EAJk ezker abertzaleari, jarduera ekonomiko horren aurka ezker abertzaleko gazteek abiatutako kanpainarekin "ez dezala barre egin" galdegiteaz gain.
Ondoren, "euskal erakundeei eta turismo sektoreari" babesa erakutsi die alderdi jeltzaleak ohar batean, "urte asko daramatzatelako estrategia turistiko jasangarria” garatzen.
Hala, EAJk bat egin du PP, PSE-EE eta Ciudadanos alderdien eta Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin. Sortuko gazteen Ernai taldeak abiatutako kanpainaren aurka agertu ziren atzo. Ahal Duguk ez du gaiaren inguruko iritzirik helarazi.
"Iraganeko jarrerak eta hizkuntza alde batera uztea" eskatu dio alderdi jeltzaleak ezker abertzaleari. Esaterako, "turismo eredu basati bati alfonbra gorria jartzea" leporatu die Sortuk gainerako alderdiei.
"Onartezina da pintada jasaezin horiek irmo ez salatzea, eta talde horrek deitutako mobilizazioak babestea. Ez daitezela indarkeria ekintzak bilakatu eskatzen dugu", gaineratu du EAJk.
Oharrean baieztatutakoaren arabera, "Eredu turistiko jasangarria, orekatua, kalitatezkoa eta ingurugiroa errespetatuko duena" behar du Euskadik, "aberastasuna eta lana sortuko duena". Gainera, "eredu horrek gure bizimodua, kultura eta nortasuna mantendu eta babestu behar ditu".
Andoni Ortuzar buru duen alderdiak gogoratu du turismoa "lehen mailako jarduera ekonomiko eta kulturala izanik, aberastasuna eta lana sortzen laguntzen du, kohesio soziala mantendu eta gizarte barneratzaileak zein baketsuak garatzeaz gain".