Ekonomia -
Langabezia datuak
Langabeziak behera egin du EAEn uztailean; gora, Nafarroan
Azken hilabetean 202 pertsonak lortu dute lanpostua Hego Euskal Herrian. Guztira, 167.005 pertsona daude lanik gabe Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hego Euskal Herrian, 202 langabe gutxiago zenbatu dituzte 2017ko uztailean, ekaineko datuekin alderatuta. Guztira, 167.005 pertsona daude lan gabe Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Lanbiden izena emanda dauden langabeen kopuruak behera egin du bosgarren hilabetez jarraian; zehazki, ekainean baino 397 pertsona gutxiago zenbatu dituzte lanik gabe uztailean (% 0,30 gutxiago). Guztira, 130.872 pertsona daude lanik gabe.
Espainiako Gobernuaren Enplegu Ministerioak gaur emandako datuen arabera, iazko uztaileko datuekin alderatuta ere, behera egin du langabeziak EAEn: 10.592 langabe gutxiago daude (% 7,49).
EAEn, Gizarte Segurantzan izena emanda dauden pertsonei dagokienez, kopuruak behera egin du uztailean, ekainean baino 2.427 pertsona gutxiago baitaude lanik gabe (% 0,26 egin du behera).
Nafarroan, 195 pertsonak galdu dute lanpostua, eta aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, % 0,54 hazi da langabezia, Enplegu Ministerioaren datuen arabera.
Beraz, guztira 36.133 langabe daude foru erkidegoan, iazko uztailean baino 3.473 gutxiago (% 8,77).
Espainiako Estatuko datuei dagokienez, uztailean % 0,80 jaitsi da tasa (26.887 pertsona), 2017ko ekaineko datuekin alderatuta. Estatuan, 3.335.924 pertsona daude lanik gabe; azken zortzi urteetako kopururik txikiena. Bestalde, ekaineko datuekin alderatuta, Gizarte Segurantzan 56.222 pertsona gehiago daude izena emanda, guztira 18.489.329 langabe baitaude.