Ekonomia -
2012tik geldirik
Garoñako zentral nuklearra, betiko itxita
Espainiako Gobernuak zentrala berriz zabaltzeko baimena ukatzea erabaki du, arrazoi teknikoak eta politikoak argudiatuta. Energia ministroak eman du erabakiaren berri, prentsaurrekoan.
eitb.eus
Garoña itxi egingo dute, betiko. Espainiako Gobernuak berriz zabaltzeko baimena ez ematea erabaki du, eta, horrenbestez, Estatuko zentral nuklear zaharrena, Euskal Herritik gertuen dagoena, zarratu egingo dute.
Alvaro Nadal Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren ministroak eman du erabakiaren berri, gaur, asteartea, goizean egindako prentsaurreko batean. Agerraldian azaldu duenez, arrazoi teknikoak eta politikoak tarteko hartu dute erabakia.
Lehenengoak hizpide, Nadalek esan du inbertsio handia egin beharko litzatekeela berriz martxan jartzeko, zentrala oso zaharkituta baitago. Gainera, Espainiako argindar sistemari egiten zion ekarpena "oso urria" zen. Giro politikoa ere ez zen berriro zabaltzearen aldekoa, Nadalek gogorarazi duenez. Horren harira, oposizioak eta hainbat erakundek Garoña betiko ixteko egindako eskaerak gogora ekarri ditu.
"Borroka politikoa"
Ziurtasun gabezia eta "eztabaida sosegatu" baten falta deitoratu ditu ministroak. Haren esanetan, Garoña "eztabaida politikorako sinbolo" gisa erabili da, "borroka politiko" bihurtzeraino.
Gobernuaren erabakia azaltzerakoan "aldeko eta kontrako arrazoiak" eman ditu Nadal ministroak. Azaldu duenez, zentral nuklearra berriro irekitzeko gutxienez bi urte beharko lirateke —Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak eskatutako inbertsioak eta lanak egiteko— eta tarte horretan "ziurgabetasuna" nagusituko litzateke, bai politikarien artean (Diputatuen Kongresuaren gehiengoa eta oposizioko talde gehienak irekieraren aurka agertu dira) eta baita akzionisten artean ere.
Zentral nuklearraren etorkizunari buruz azken urteetan izandako jarrera aldaketak aurpegiratu dizkie Iberdrolari eta Endesari, baita erregaia ateratzeko 2012an hartutako alde bakarreko erabakia ere. Halaber, Espainiako Gobernuari presioa egiteko bitarteko gisa Garoña erabiltzea leporatu die.
Nadal, Espainiako Gobernuaren erabakia azaltzeko agerraldian. EFE
13-16 urte beharko dituzte Garoña eraisteko
Nolanahi ere, "Garoña gehiagorik ez izatea" espero du Nadal ministroak. Dena den, Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren itxierak (2012tik ez du elektrizitaterik sortu) Espainiako energia sisteman ez duela eraginik izango ziurtatu du, duen "tamaina txikiagatik". Aldi berean, Garoñako zentral nuklearra eraisteko 13 eta 16 urte bitartean beharko direla nabarmendu du.
Langileei dagokienez, beren etorkizuna "bermatuta" dagoela eta inguruko herriek Enresa enpresa publikoaren laguntzak jasoko dituztela adierazi du. Aipaturiko enpresa publikoa hondakin erradioaktibo eta nuklearrak kudeatzeaz arduratzen da. Gaineratu duenez, Espainiako Gobernuak eta Gaztela eta Leongo Gobernuak elkarrekin lan egingo dute eskualdearen "bideragarritasuna" lortzea helburu.
Aurrekariak
Kontseilu Nuklear Nazionalak zentrala berriz zabaltzeko hartu beharreko neurrien txostena egin zuen orain sei hilabete. Neurri horiek aplikatzeko, inbertsio handia egin beharko litzateke, zaharkituta dagoen instalazio batean.
Txostenaren ostean, sei hilabeteko epea izan du Espainiako Gobernuak Nuclenorri (zentral nuklearra kudeatzen duen enpresa taldea) jarduerarekin jarraitzea baimendu ala galarazteko. Endesak eta Iberdrolak erdi bana dute Nuclenor, eta bi enpresak zatituta zeuden zentrala berriz zabaltzearen inguruan. Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak esana zuen Garoña ez dela bideragarria. Endesa, aldiz, berriz irekitzearen aldekoa zen.