Ekonomia -

Ontziola

Navalentzat proiektu berria finkatzeko hiru aste behar ditu Del Dagok

Likidezia lortzeko eta ontziola birfinantzatzeko denbora gehiago behar duela azaldu du enpresariak. Proiektuan interesa izaten jarraitzen duela berretsi du.

Sestaoko La Naval ontziola. Argazkia: EiTB
Sestaoko La Naval ontziola. Argazkia: EiTB
Sestaoko La Naval ontziola. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel del Dago, Sestaoko Naval ontziolako akziodun nagusia izateko asmoa duen enpresari asturiarra, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko beste zenbait ordezkarirekin bildu da ostegun arratsalde honetan. Enpresariak proiektu berria finkatzeko interesa agertu du, eta likidezia lortzeko denbora gehiago behar duela azaldu du. Hala, hiru asteren buruan ontziola birfinantzatzeko akordioa itxi ahal izango dutela aurreratu du.

Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko ordezkariak “entzule gisa” joan dira bilerara, eta La Naval ontziolaren etorkizunaren berri “zuzenean” jasotzeko aukera izatea eskertu dute.

Goizean, Navaleko bazkideekin eta langile batzordearekin bildu da ontziola birfinantzatzeko akordioa itxi nahi duen enpresaria. Bilbora iritsi aurretik, Del Dago finantza erakundeetako ordezkariekin elkarrizketatu da, Madrilen, eta ontziolak duen zorra berriro negoziatu du bankuekin.

Halaber, Sestaoko ontziolan eraikitzen ari diren kable-ontziko armadoreari 3,5 milioi euro aurreratu dizkio, langileek haien zereginetan jarraitu eta eraikitzeko lanak amaitu dezaten. Era berean, antzeko eskaerak egin dituzten beste bi armadoreekin negoziatzen jarraitzen du enpresari asturiarrak.

Proiektuan “sinesten jarraitzen du”

Bestalde, Pedro Rodriguez Naval ontziolako enpresa batzordeko presidenteak ziurtatu du Del Dagok proiektuan “sinesten" jarraitzen duela, baina “ontziolaren etorkizuna” epe luzera ziurtatzeko finantziazio modu berria aztertu nahi duenez, proiektu berria finkatzeko “denbora gehiago” behar duela.

“Ontziolaren akziodun nagusia izan nahi duela ziurtatu digu, baina denbora gehiago behar du. Operazio berria finkatu nahi du, kapitala handituz. Etzi Kolonbiara itzuliko da, eta hara heltzen denean ekingo dio prozesuari”, esan du Rodriguezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Sestao argazkiak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak