Ekonomia -

Diputatuen Kongresua

Onartu egin dute lan-erreforma, behin betiko

EAJren abstentzioari esker lortu du Gobernuak aurrera ateratzea erreforma. Izan ere, diputatu sozialistek baino ez dute bozkatu alde.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak onartu egin du gaur, behin betiko, Espainiako Gobernuaren lan-erreforma, bi hilabeteko izapideen ostean.

Azkenean, aldaketa batzuk egin dituzte testuan. Adibidez, langabeak kontrolatzeko sistemak gehitu dituzte, eta lanera ez joategatik kaleratu ahal izatea erraztu dute.

Erreforma EAJren abstentzioari esker onartu dute, PSOEko diputatuek baino ez baitute bozkatu alde.

Onartutako testuak errespetatu egiten du "kaleratzeko arrazoi objektiboei" buruz PSOEk eta EAJk adostutakoa. Kaleratze mota horrek 20 eguneko kalte-ordaina eragingo du, eta honako arrazoietako bat tarteko jar dezakete enpresek hori justifikatzeko: Galerak izatea, galerak aurrez ikustea edo haien diru-sarrerak "etengabe" murrizten egotea.

Halaber, erraztu egiten du langilea kaleratzea lanera ez joateagatik. Horretarako, baina, baldintza batzuk jarri dituzte: Bi hilabetez jarraian lanorduen % 20ra ez joatea, edo % 25era lau hilabete ez jarraitutan urtebetean, betiere gainerako langileen absentismoa orduen % 2,5etik gorakoa ez bada. EAJk gutxieneko hori kentzeko zuzenketa bat jarri zuen, baina PSOEk atzera botatzea lortu du.

Dena dela, ez da izan sozialistek ezabatu duten zuzenketa jeltzale bakarra. Kontratu iraunkorra enpresa eta zeregin berean hiru urtez egon diren langileei bakarrik egin behar izatea nahi zuen EAJk, baina azkenean enpresa berean hiru urtez egotea nahikoa izango da.

Gainerako alderdiek aurkeztutako eta PSOEk onartutako zuzenketa bakarra BNGrena izan da: Langabezia-prestazioa orduen arabera kalkulatzea, eta ez lanegunen arabera.

Corbacho eta oposizioa

Celestino Corbacho Lan eta Immigrazio ministroak adierazi du lege berria "epe luzerakoa", "orekatua" eta "anbizio handikoa" dela.

Kongresuan egindako hitzaldian, Corbachok esan du legediaren "zalantzak" ezabatzen dituela arauak, eta enpresaburuei eta langileei "segurtasuna" ematen diela.

Euren aldetik, sozialistak ez beste talde parlamentario guztiek gogor kritikatu dute erreforma, haien ustez ez baititu konpontzen lan merkatuaren arazo nagusiak.

Erreakzioak

Irailaren 29ko greba orokorrak Gobernuari lan-erreforman atzera egitera behartuko diola ziurtatu dute Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiek. Horrela azaldu dute ekitaldi jendetsu batean Vistalegreko Jauregian, sindikatuetako 16.000 ordezkariren aurrean.

Bestalde, lan-erreforma onartzeko garaian EAJren "beharrezko laguntza" salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Egitasmoak Diputatuen Kongresuan izan duen ibilbideak hasierako testua txartu duela salatu dute sindikatu abertzaleek.

Azkenik, lan-erreforma "nahikoa ez" dela errepikatu du Jose Maria Lacasa CEOEko idazkari nagusiak, eta enpresaburuen elkarteak lan-merkatua modernizatzeko aldaketa berriak beharrezkoak direla aldarrikatzen jarraituko duela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea