Ekonomia -

Kontrol saioa

Aurrekontuen diseinuan EAJk zeresana izango duela esan du Zapaterok

Diputatuen Kongresuan izan den kontrol saioan, Zapaterok Josu Erkoreka EAJko bozeramaileari Estatuko Aurrekontuak babesteko eskatu dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Aurrekontuen diseinuan esateko "asko" izango du EAJk, Jose Luis Rodriguez Zapaterok gaur adierazitakoaren arabera. Mariano Rajoy PPko buruak, berriz, Gobernuan mantentzearren, "eskumenak boto batzuen truke" ez aldatzeko exijitu dio presidenteari. Diputatuen Kongresuan izan den kontrol saioan, Zapaterok Josu Erkoreka EAJko bozeramaileari Estatuko Aurrekontuak babesteko eskatu dio. Zentzu honetan, "ekarpenak egiteko" deia luzatu dio jeltzaleen ordezkariari.

Hala ere, gaurko saioan Zapatero eta Rajoy arteko liskar dialektikoa izan da nagusi.

PPko buruari "irudimen falta" egotzi dio Zapaterok eta arlo ekonomikoan proposamenak aurkezteko proposamena luzatu dio. Udako oporretatik "uztaileko hitzaldi berberarekin" bueltatu dela esan dio Rajoyri. "Azken osoko bilkuran esan zenituen esaldi berak errepikatu dituzu gaur", adierazi dio.

Espainiarrei "min handia" egiten ari zaiela erantzun dio Rajoyk, eta uda baino lehen zegoen egoera jarraitzen duela erantsi du, "langabeziak gora egiten jarraitzen duelako, hazkunde ekonomikoak beherako joera duelako eta Europak susperraldia hasten duen bitartean, hemen berdin jarraitzen dugulako".

Rajoyk lan-erreformaren eztabaidan, ostegunean, jarri dio hitzordua Zapaterori eta PPk aurkeztutako 70 zuzenketak babes ditzan eskatu dio, izan ere, PSOEk ez zituen onartu.

Datozen eztabaidetan Gobernuari nork lagunduko ote dion ez dakiela esan du Rajoyk. PPko buruzagiaren ahotan, Exekutiboa behin-behinekotasun egoera batean dago, "Lan ministrorik ez dago eta Osasun ministroa nola dagoen ez dakigu".

Bere hitzaldia amaitu baino lehen, krisitik ateratzeko bere 50 neurriak aurkez ditzan eta jarrera konstruktiboa izan dezan eskatu dio Rajoyri Gobernuko presidenteak, "ekonomiari eta Espainiari ongi etorriko zaiolako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea