Ekonomia -

Gasteiz

Arabako sorosle eta monitoreek greba egingo dute gaurtik aurrera

Ildo horretatik, Mendizorrotza eta Gamarrako igerileku publikoak ixtea 'egunez egun' aztertuko duela jakinarazi du Gasteizko Udalak, grebaren jarraipenaren arabera.

Gamarrako igerilekua (Gasteiz). Artxiboko argazkia: Luis Angel Fernandez
Gamarrako igerilekua (Gasteiz). Artxiboko argazkia: Luis Angel Fernandez
Gamarrako igerilekua (Gasteiz). Artxiboko argazkia: Luis Angel Fernandez

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako igerilekuetan eta Garaioko urtegian lan egiten duten 450 sorosleek eta kirol monitoreek greba egingo dute gaurtik aurrera. Arabako kirol jardueretako langileen batzarrak ez du onartu sektoreko patronalak egindako proposamena, eta greba egitea erabaki du, uztailaren 31ra arte. Zehazki, kirol monitoreen soldata % 1 eta sorosleena % 7 handitzea proposatzen zien langileei patronalak.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariek ostiralean iragarri zuten Arabako kirol jardueren sektoreko langileek grebarekin aurrera jarraitzea erabaki zutela. Langileek gogora ekarri dutenez, hitzarmenak 2015ean galdu zuen iraunaldia, eta dagoeneko bi urte daramatzate hitzarmena berritzen saiatzen. Alabaina, patronalak ez duela negoziazioekin aurrera jarraitu nahi salatu dute.

Grebak Arabako igerileku guztietan eta Garaioko urtegian izango du eragina. Dena dela, igande honetan hasiko duten grebaren jarraipen nabariena Gasteizen izango da, bertan kirol jarduerako 300 langile baitaude kontratatuta.

Gauzak horrela, Mendizorrotza eta Gamarrako igerileku publikoez gain (Gasteiz), Arabako kirol jardueretako langileek deitutako grebak Garaioko urtegian ere izango du eragina.

Sindikatuek ondorengo "oinarrizko" aldarrikapenak egin dituzte, besteak beste: soldata duinak "kategoria prekarizatuenentzat", asteko egun guztietan errefortzu moduan dauden udako sorosleentzako ordaina eta soldata izoztua izan dituzten langileek galdu duten erosteko ahalmena berreskuratzea. Sindikatuen esanetan, sektorean "egoera kezkagarriak" bizi dituzte, eta orduko 6,22 euro irabazten dituztela salatu dute.

Igerileku publikoak ixtea aztertuko du Udalak

Ildo horretatik, Mendizorrotza eta Gamarrako igerileku publikoak ixtea "egunez egun" aztertuko duela jakinarazi du Gasteizko Udalak, Arabako kirol jardueretako langileek egingo duten grebaren jarraipenaren arabera.

Hala, langile bakoitzak duen eskubide bat izanik, grebaren jarraipena egunean bertan jakingo dutela azaldu du Gasteizko Udalak. Ondorioz, lanera joatea erabakitzen duten sorosleen eta kirol monitoreen arabera erabaki bat hartuko dutela berretsi du Udalak.

Beste alde batetik, greba hasi aurretik Gasteizko Udala bi aldeen arteko akordioa lortzen ahalegintzeko lanean jarraituko duela ziurtatu du Estibaliz Canto Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Ekonomia albisteak Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa Lan gatazkak gaur Kiroldegiak azken ordukoa Vitoria-Gasteizko kuadrilla albisteak