Ekonomia -

Fagor Etxetresnak

Arrasateko lantegia ixtea eta langileak kaleratzea proposatu du Fagor CNAk

Konpainiaren proposamenak 190 eta 220 langile artean kaleratzea ekarriko luke.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edesa Industrial konpainiako zuzendaritzak Garagartzako (Arrasate) lantegia ixtea eta langileen erdiak kaleratzea proposatu du, gaur iragarritako bideragarritasun planaren baitan.

CNA taldeko Edesa Industrial enpresak Fagor Etxetresnak ohia erosi zuen 2014an, eta, egun, hartzekodunen aurrekonkurtsoan dago.

Taldearen proposamenak 190 eta 220 pertsona artean kaleratzea ekarriko luke. Egun, 350 langile ditu.

Zuzendaritzak ohar baten bidez adierazi duenez, proiektua "bideragarria" da, baina ekoizpen lerroak "doitu" eta langileak kaleratu beharra dago, errentagarriak diren negozio-lineak bultzatzeko.

Arrasaten ez ezik, Eskoriatzan (Gipuzkoa) eta Basaurin (Bizkaia) ere ditu lantegiak konpainiak.

Edesaren planak Garagartzako lantegia ixtea dakar, "bideragarria ez delako", baina ez du baztertzen berogailuen ekoizpena Basaurira eramatea.

Arrasateko lantegian, plakak, labeak eta garbigailuak egiten dituzte, eta Geyser filialaren berogailu linea ere badute bertan. Hori da, hain zuzen ere, Basaurira eraman nahi dutena.

Edesa Industrialen ustez, finantziazioa lortu behar du aktibo ibilgetuak salduz, inbestitzaile industrial bat erakarriz eta administrazio publikoen ekarpenak lortuz.

Halaber, hartzekodunekin eta hornitzaileekin zorra ordaintzeko akordioa ere beharrezkotzat jo du.

Edesak gaineratu duenez, Eskoriatzako eta Basauriko lantegiek "lineak doitu behar dituzte, eraginkortasuna lortzeko eta errentagarritasun positiboa izateko".

"Doikuntza horiekin guztiekin, 130-160 langilekoa izango litzateke lantaldea, I+G+B alorrerako baliabideen arabera", nabarmendu du zuzendaritzak.

"Merkatu errentagarritasun maila normalak" lortzeko, I+G alorrean inbestitzaile gehiago behar dituela eta labeen eta lapikoen ekoizpena "hobetu" behar duela esan du konpainiak.

Bestalde, langileen ordezkariek jakinarazi dute Edesa Industrialek erretiratu egin duela garbiketa lerroko 30 langileri ezarritako erregulazio plana.

Halaber, zuzendaritzak eta enpresa batzordeak mahai bat sortzea adostu dute, "proiektu berri bat" sortzeko.

Mahai horretan, langileen ordezkariek, markaren jabeak (Fagor Kooperatiba Elkartea) eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzea proposatu du enpresa batzordeak.

"Ez du maila eman"

Eusko Jaurlaritzaren iritzian, CNA Taldeak "ez du maila eman" Edesa Industrialaren proiektua kudeatzen.

Tapiak zuzentzen duen sailak Europa Pressi adierazi dioenez, langileen kopurua horrenbeste murriztea eta "planta ia desagerraraztea albiste txarra da, zalantza barik, Euskadin itxaropena piztu zuen proiektuarentzat", eta, horren harian, tamalgarritzat jo du CNAren hasierako proiektuak bide hau hartu izana.

Jaurlaritzak, era berean, gaineratu du ezagutzen dituela enpresak dituen zailtasunak, baina, hori gorabehera, CNA Taldeak "ez du proiektuak eskatzen zuen maila eman".

Horren ildotik, langileekin eta hornitzaileekin, eta proiektuan lagundu duten finantza erakundeekin, "gardentasunez eta erantzukizunez" jokatzea eskatu dio Taldeko zuzendaritzari.

CNA talde kataluniarrak 2014ko uztailean erosi zuen Fagor Etxetresnak, Cata enpresaren bitartez, 38,5 milioi euroren truke, eta urtebetean 705 lanpostu sortuko zituela agindu zuen orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Fagor Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Arrasate bideoak Ekonomia Gaurko azken orduko albistea