Ekonomia -
Hartzekodunen konkurtsoa
CNAk hartzekodunen aurrekonkurtsora jo duela baieztatu diete langileei
Gainera, zuzendaritzak enpresa-batzorderi jakinarazi dio "proiektua birpentsatu" egin behar dutela, egungo eredua "agortuta" dagoelakoan.
Agentziak | Erredakzioa
Fagor-CNAk Donostiako epaitegian hartzekodunen aurrekonkurtsorako eskaera egin duela baieztatu dio Francisco Martin Edesa Industrialeko zuzendari nagusiak enpresa-batzordeari.
Horrez gain, langileen ordezkariei jakinarazi die "proiektua birpentsatzeko" unea iritsi dela, egungo eredua "agortuta dagoelako".
Hiru lantegietako enpresa-batzordeekin bildu da arratsalde honetan Martin, CNA taldearen erabakiaren inguruko xehetasunak emateko. Neurri horrekin 100 milioi euroko zorrari aurre egin nahi dio konpainiak.
Ricardo Perez enpresa-batzordeko presidenteak azaldu duenez, banketxeen finantzazioa hilabete honen amaiera bukatu behar zela jakinarazi zien enpresak eta horrek eragin du hartzekodunen aurrekonkurtsoa aurkeztea.
Gainera, zuzendaritzak egitasmoa "birpentsatu" beharra dagoela esan die, "egungoa agortuta dagoelako". "Buelta bat eman behar diogu Basauri, Eskoriatza eta Arrasateko proiektuari", adierazi du.
Perezen esanetan, "birmoldaketa horren beldur gara sindikatuak eta langileak; azalpenak eskatu ditugu, baina oraindik horretan lanean ari direla erantzun digute".
Une oro informatuta egotea eskatu diote zuzendaritzari eta hartzekodunen aurrekonkurtsoaren berria komunikabideen bidez jakin dutela eta haserre agertu dira.
Fagor-CNAk 350 langile ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko lantegietan.