Ekonomia -

Ministroen bilera

Espainiako Gobernuak 119.834 milioi euroan ezarri du 2018ko gastu-sabaia

Espainiako aurrekontu orokorren proiektua egin aurreko pausoa da. Zor publikoari eta egonkortasunari lotutako helburuak datorren astean eztabaidatuko dituzte Kongresuan eta Senatuan.

Rajoy eta Cospedal, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Rajoy eta Cospedal, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak 119.834 milioi euroan ezarri du datorren urterako gastu-sabaia, aurten izandakoa baino % 1,3 gehiago, Cristobal Montoro Espainiako Gobernuko Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak gaur iragarri duenez.

Gastu-sabaiaz gain, aurrekontuen egonkortasunerako eta zor publikorako 2018-2020 aldirako helburuak onartu ditu Ministroen Kontseiluak. Datorren urterako Espainiako Aurrekontu Orokorren atarikoa izan da gaurkoa.

Gobernuak barne produktu gordinaren %2,2an finkatu du 2018rako defizit publikoa gisa honetan banatuta: % 0,7 Estatuarentzat, % 1,2 Gizarte Segurantzarentzat, % 0,3 autonomia erkidegoentzat eta % 0 udalentzat. 2019ari begira, berriz, aurreikuspenak baxuagoak dira: % 0,3 Estatuarentzat, % 1 Gizarte Segurantzarentzat eta % 0 autonomia erkidegoentzat eta udalentzat.

Dena den, gastu-sabaiaren inguruan gaur hartutako erabakiak Kongresuaren eta Senatuaren onespena behar du eta gaia datorren astean eztabaidatuko dute bi ganberatan.

Negoziazioak

Cristobal Montoro Ogasun ministroak PSOEren ezezkoa eta Ciudadanosen baldintzak izan ditu aurrez aurre, azken asteetan egindako negoziazioetan, gastu-sabaia onartzeko babesa lortzeko.

Batetik, Ciudadanosek Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga jaistea eta Mariano Rajoyren inbestidurarako ituneko puntuak betetzeko eskatu dio Gobernu espainiarrari.

Bestetik, PSOEren zuzendaritza batzordeak gaur bertan erabaki du taldearen aurkako botoa. Jose Luis Abalos PSOEko Antolaketa idazkariak iragarri du albistea, abenduan sozialistek aldeko botoa eman bazuten ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak PSOE Alderdi Popularra Espainako Gobernuaren presidente ohia Espainiako Gobernua argazkiak Espainia albisteak Ekonomia Eguneko albisteak