Ekonomia -

Pertsona fisiko eta juridikoak

260 zergapekok 720 milioi zor dizkiete EAEko foru ogasunei

Bizkaiko Ogasuna da zor handiena zuena 2016ko ekitaldiaren amaieran, 442 milioi eurorekin; ondoren, Gipuzkoa, 167rekin eta, azkenik, Araba, 110,3rekin.

Bizkaiko Ogasunak pilatu du zor handiena. Argazkia: EiTB
Bizkaiko Ogasunak pilatu du zor handiena. Argazkia: EiTB
Zordun handien zerrenda handitu egin da Euskadin

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko hiru foru ogasunek 2016ko ekitaldiaren amaieran milioitik gora euro zor duten zergapekoen zerrenda argitaratu dute, eta, guztira, 260 zordun zenbatu dituzte, 719 milioi euroko zorra pilatuta.

Lurraldeka, Bizkaia da zor handiena duen lurralde historikoa, 155 zordunekin eta 442 milioiko zorrarekin. Gipuzkoan 65 dira Ogasunari milioi bat baino gehiago zor dioten zergapekoak, 167 milioiko zorrarekin eta, Araban, 40 dira zordunak eta, 110 milioikoa, zorra.

Gehiengoa, Bizkaiko enpresetan

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak zordun handienen zerrenda plazaratu du gaur, iruzur fiskalari aurre egiteko eta hiritarrak ohartarazteko helburuarekin.

Zerrenda osotik, sei baino ez dira pertsona fisikoak; hortaz, gainerakoak pertsona juridikoak dira. Zordun horiek, gainera, ez dute behar zuten dirua ordaindu ezarritako epearen barruan.

Aurreko zerrendan bezala (orain sei hilabetekoa), lehen postuan Iurbenoir Promociones S.A. agertzen da, 52 milioi euro baino gehiagoko zorrarekin.

Ondoren, Idustrias Domesticas S.L. agertzen da, 17 milioi baino gehiagorekin, Abaroa S.A. 16 milioi baino gehiagorekin eta Baensa S.L., Edesa Kooperatiba Sozietatea eta Moldis Echarro S.L., 10 milioitik gorako zorrarekin.

Gorakada nabarmena Araban

Arabako Ogasunean zenbatutako zordun handienen zerrenda nabarmen handitu da aurten; aurrekoan 16 pertsonak (fisiko zein juridiko) osatzen zuten zerrenda eta, aurten, aldiz, 40 dira. 110,3 milioikoa da horien zorra, iaz baino 34 gehiago.

Hala, 40 zordunetatik, 37 enpresak dira eta 3 pertsona fisikoak. Guztien artean 110.341.987 euro zor dituzte, zehatz-mehatz.

Zordun handienen artean, Ros Casares taldea agertzen da. Horren barruan Goya Sesenta y Nueve Higiezinak egiten dituen enpresa dago, eta iaz 15,8 milioi euro zor baldin bazituen, aurten 16,2 milioira heldu da.

Horren ildo beretik jarraitu du Ros Casares Centro del Acero S.L. enpresak, 9,8 milioi zor zituen iaz eta, 10,1, aurten.

Horiekin batera, Urco & Urbasa UTE, 10,4 milioiko zorrarekin. Gainerako enpresek 5 milioitik beherako zorra pilatu dute eta hiru pertsona horien artean 7,4 milioi zor dituzte.

Zerrenda honetan ez dituzte jaso atzeratuta, zatituta edo baliogabetuta dauden zorrak, ezta oraindik jakinarazi ez dituztenak ere.

Zazpi zordun berri Gipuzkoan

65 bat zordunek 167 milioi euro zor dizkiote Gipuzkoako Ogasunari, aurreko ogasunekin bezala, milioi bat baino gehiago zor duten pertsona fisiko eta juridikoen zerrendaren arabera.

Erakunde publikoak ohar baten bidez adierazi duenez, "zor handien" bigarren zerrenda honetan 20 milioi zor dituzten zazpi zordun berrien izenak jaso dituzte; horietatik, lauk bost milioi zor dituzte.

Zerrenda Foru Aldundiaren web gunean kontsulta daiteke eta, aurrekoan bezala, Fagor Etxetresnak agertzen da lehen postuan, 16 milioiko zorrarekin.

Horren atzetik, diru gehien zor duen Gipuzkoako enpresa Construcciones y Contratas Gedi konpainia da (hirigintzan operazioak eta zoruaren kudeaketa egiten ditu), 6,5 milioiko zorrarekin, Tecfrindus atzetik duela, 6,2 milioirekin.

El Rincon del Ebanistak 5,98 milioi zor ditu eta Araxesen Paper-fabrikak 5,92. Hortik aurrera, zerrendan bost pertsona fisiko, likidazio egoeran dauden zazpi enpresa eta dagoeneko desagertuta dagoen beste bat agertzen dira. Horiez gain, orain dela urte batzuk jarduera eten zuen enpresarik ere agertzen da, esaterako, Ramon Vizcaino, 5,3 milioi euroko zorrarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Albisteak Gipuzkoa Araba EAE albisteak Delituak albisteak Iruzurrak berriak Gaurko azken ordukoa Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak