Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
Adifek larrialdiko irteerak egin beharko ditu AHTren 11 tuneletan
Dagoeneko eraikita dauden tunelak dira moldatu beharrekoak. Amaituta zeuden Europar Batasunak segurtasun araudia eguneratu zuenean.
agentziak | erredakzioa
EAEko Abiadura Handiko Trenaren 11 tuneletan larrialdiko irteerak egin beharko ditu Adifek Europar Batasunaren segurtasun araudia betetzeko, trenbideen kudeatzaileak jakitera eman duenez.
Dagoeneko eraikita dauden tunelak dira moldatu beharrekoak. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak azaldu dutenez, unean uneko araudia betez egin zituzten, baina amaituta zeudenean, 2014an, segurtasunari dagokion araudia eguneratu zuen Europar Batasunak. Orain, baldintzok betetzera derrigortuta dago Adif. Erakundeek ez dute zehaztu irteerak egiteak zenbatean garestituko duen azpiegitura.
Ebakuaziorako eta lanetarako galeria berriak egingo dituzte, bide bikoitzeko tuneletan: Induspen, Udalaitzen, Mendigainen, Olabarrien, Ganzelain, Galdakaon, Zaratamon, Beasain Ekialdean, Ordizia Itsasondon, Legorretan eta Tolosa 2-Aldabatxikin.
Horretarako desjabetze gehiago egin beharko dituzte Gasteiz-Bilbo tramoko zazpi tunelen inguruan, eta Bergara-Astigarrako lautan.