Ekonomia -
LAN GATAZKA
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek Emakunderen inplikazioa eskatu dute
Elkarretaratzea egin dute Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzaren atarian eta idatzi bat entregatu diote Izaskun Landaida presidenteari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko zahar-etxeetako gatazkaren auzian, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen inplikazio falta salatu dute langileek. Dagoeneko 200 egun baino gehiago egin dituzte greban, eta bere "erantzukizuna bere gain" hartzeko eskatu diote Emakunderi.
Langileek elkarretaratzea egin dute gaur Emakundek Gasteizen duen egoitzaren atarian eta idatzi bat entregatu diote Izaskun Landaida presidenteari, beren aldarrikapenak azalduz.
ELAk ohar bidez jakinarazi duenez, orain arte Emakundek erakutsi duen "pasibotasun eta inplikazio eza" salatu nahi izan dute langileek gaurko mobilizazioan, bereziki, erakundearen helburua "emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortzea" dela aintzat hartuta.
Hori guztia dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko eskatu diote Emakunderi, "diskriminazio egoerarekin amaitzeko", sektore horretan lan egiten duten emakumeen "duintasuna" lortzeko eta zahar-etxetako erabiltzaileen bizi baldintzak hobetzeko.