Ekonomia -
Lan-gatazka
Uztailera arte luzatu dute Bizkaiko zahar-etxeetako greba
Orain arte 200 greba egun pilatu dituzte, eta uztailaren 7ra arte gutxienez horrela jarraituko dute, patronalek sektoreko lan-hitzarmenaren negoziazioa "blokeatu" dutelako.
agentziak | erredakzioa
Bizkaiko zahar-etxeetako greba uztailaren 7ra arte luzatuko dute gutxienez, ELA sindikatuko ordezkariek gaur zentroetan egindako asanbladetan adostu dutenaren arabera.
Aipatu sindikatuak prentsa-ohar batean azaldu duenez, ekainaren 19an amaitzekoa zen greba luzatzea erabaki dute, uztailaren 7ra arte hain zuzen ere, aurretik zahar-etxeetako langileen lan-baldintzak hobetuko eta arautuko dituen lan-hitzarmen bat sinatzen ez badute.
ELAk iragarri du hilaren 9an, 10ean eta 11n "karpa erraldoia" egongo dela jarrita Bilboko Arriaga plazan herritarrei kolektiboaren egoera “kezkagarria” azaltzeko.
Sindikatuak sektoreko lan-hitzarmena, 5.000 langileri eragiten diena, negoziatzeko prozesua "blokeatzea" leporatu die hiru patronalei (Gesca, Elbe eta Lares).
ELAk jakinarazi duenez, erresidentzia batzuetan enpresa batzordeak negoziatzen ari dira "blokeoa gainditzeko", Miravilla Erresidentzian, besteak beste.
Bertan, zentroak eta langile batzordeak ituna egin dute soldata % 14 igotzeko eta asteko lanaldia 35 ordukoa izateko.