Ekonomia -

Mahai Sektorialaren bilera

2016-17ko LEPeko lanpostu kopurua 2.600era igotzea proposatu du Osakidetzak

Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendaritzak 1.400 lanpostu gehitu nahi dizkio aurrez onartutako 1.200ei. Sindikatu nagusiek uste dute gutxiegi dela Osakidetzak egindako proposamena.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016-2017. urteetarako aurreikusita dagoen Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) lanpostu kopurua 2.600era igotzea proposatu du Osakidetzaren zuzendaritza nagusiak gaur sindikatuekin egindako Mahai Sektorialaren bileran. Hala, aurrez iragarritako 1.200 lanpostuei, beste 1.400 gehitzea eskaini du, eta eskainitako plaza kopuru hori handitzeko konpromisoa hartu du, Estatuko Administrazio Orokorraren Aurrekontu Nagusien Legeak aukera ematen duen neurrian.

Osakidetzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, txanda librean 1.891 plaza eskainiko dituzte guztira, Osakidetzako kategoria profesional ezberdinetan banatuta. Barne promozioan, berriz, beste 709 plaza eskainiko dituzte.

Aldi berean, proba-moten eta proba horiek egiteko datak zehazteko negoziazioa eskaini du zuzendaritzak, bai eta prozedura azkarragoa egiteko negoziazioa ere, bitarteko faserik gabe.

Horrez gain, behin-behineko kontratazioak egiteko akordio berria jarri du mahai gainean Osakidetzak, zerrendak egiteko irizpide berriarekin. Hartara, lan eskaintza publikora aurkezten direnek probak egin aurretik jakingo dituzte zerrendak egiteko irizpideak.

Lekualdatzeko lehiaketei dagokienez, 2017an 939 lanpostu lekualdatzeko proposamena egin du Osakidetzak, eta 2018an beste lehiaketa bat egitea. Horrela, "une horretan huts leudekeen plaza guztiak jasoko lirateke".

Osakidetzak enpresa espezializatuak kontratatzeko kudeaketa-eredua defendatu du garbiketa, ikuztegi edo sukaldaritza bezalako zerbitzuak emateko. Haren ustez, emaitza "egiaztatuak" ditu eta pazienteen eta familiartekoen "balorazioa positiboa" da.

"Akordio arrazoizko eta onuragarria"

Sindikatuei gaur aurkeztutako eskaintzak martxoaren 28an Mahai Sektorialak egindako bileran jasotako puntuak zehazten ditu, eta "proposamenetako asko hobetu ditu", Osakidetzaren arabera.

Zuzendaritzaren ustez, "euskaldunen interes orokorra, osasuna eta osasun-arreta lehenesteko aukera berria eta paregabea dugu, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoko langileentzako arrazoizkoa eta onuragarria den akordioaren bitartez".

Gutxiegi sindikatuentzat

Sindikatu nagusiek uste dute gutxiegi dela Osakidetzak egindako proposamena, eta osasun sistemako hainbat zerbitzuren pribatizazio politika salatu dute.

ELAk kritikatu du Osakidetzak langileen behin-behinekotasunari eusten diola, eta % 43koa dela. Izan ere, Lan Eskaintza Publikoan 1.891 plaza eskainiko dituzte, epe horretan erretiroa hartuko dutenen kopuru bera, eta hori "burla" bat dela iritzi dio.

Era berean, behin-behinekotasuna % 8ra murrizteko aurrekontu orokorrek ematen duten aukera aprobetxatu ez izana leporatu dio Osakidetzari.

Bestalde, Osakidetzak zerbitzuak pribatizatzeko asmoarekin jarraitzen duela gaitzetsi du, tartean Urdulizeko sukalde zerbitzuarena.

Horren aurrean, mobilizazioen alde egingo du lan prekarietatea txikituko duen lan eskaintza publikoa ziurtatu arte.

LABek, berriz, uste du Osakidetza aldarrikatzen dutenetik "oso urrun" dagoela eta "askoz plaza gehiago" eskatu ditu kategoria guztietarako.

Pribatizazioei dagokienez, sindikatuak zerbitzu publikoak zabaltzearen alde egin du, sukaldeen kasuan baita ere.

Dena dela, LABek aitortu du, diskurtso mailan behintzat, Osakidetzak negoziatzen eta akordioetara iristen jarraitzeko asmoa duela.

UGTrentzat ere "gutxiegi" da lan eskaintza publikoa behin-behinekotasunari aurre egiteko, eta zerbitzuak pribatizatzearen kontra agertu da.

CCOOk ere uste du eskaintza ez dela "gerturatu ere egiten" kalitatezko zerbitzua eskaintzeko behar den plaza kopurura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza albisteak Ekonomia berriak Albisteak