Ekonomia -
Barne Produktu Gordina
EAEko ekonomia, hazkundean finkatuta: % 2,8 hazi da lehen hiruhilekoan
Enplegua % 2 igo da, Euskal Estatistika Institutuak emandako datuen arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Hazkundearen bidean finkatuta, horrela dago Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia, Eustat Euskal Estatistika Institutuak emandako datuei erreparatuta. 2017ko lehen hiruhilekoan eta iazko epe berarekin alderatuta, % 2,8 hazi zen Barne Produktu Gordina. Enpleguak ere gora egin du, % 2.
Horrenbestez, apirila amaieran emandako datuak baieztatu ditu Eustatek hiruhilekoaren kontuan. Orduan aurreratu zuenez, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak (% 2,7 eta % 1,9, hurrenez hurren) baino hamarren bat gehiago hazi ziren ekonomia eta enplegua.
Halaber, urte arteko BPGak eta enpleguak bilakaera positiboa izan zuen sektore eta jarduera guztietan. Industriak % 2 egin zuen gora; eraikuntzak, % 2,1 eta zerbitzuek, % 3,1.
Zerbitzuen alorrean, aipagarria da merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioen hazkundea: % 3,7 igo ziren.
Lurraldeka aztertuta, Araban eta Bizkaian hazi da gehien ekonomia, urte arteko % 2’9ko igoera izan baitzuten bi lurraldeek. Gipuzkoan, aldiz, hazkundea apalagoa izan zen, % 2’5ekoa.
Familia-etxeetako kontsumo pribatuak ere gorako bideari eutsi zion, urte artekoa % 3an kokatuta, 2016ko epe berean baino hamarren bat gehiago.
Enpleguari dagokionez, lanaldi osoan dauden beharginen kopurua % 2 hazi zen, iazko epe berean baino % 0,4 gehiago. Sektore guztietan igarri da gorakada.