Ekonomia -
Europako Batzordea
110 milioiko isuna Facebooki, WhatsApp erostean gezurrak esateagatik
Kontrakoa esan zuen arren, Facebookek bazuen bi sare sozialen bezeroen datuak batzeko ahalmen teknikoa.
Agentziak | Erredakzioa
Europako Batzordeak (EB) 110 milioi euroko isuna ezarri dio Facebook konpainiari, WhatsApp erosi zuenean Bruselari informazio "oker eta engainagarria" ematea egotzita. 2014an erosi zuen Mark Zuckerbergek zuzentzen duen konpainiak, eta Europako agintariek ikerketa abiatu zuten. Isunak ez dio erosketari eragingo.
"Enpresek Europar Batasuneko bat-egite arauak bete behar dituzte eta informazio zuzena eman behar dute. Gaurko erabakia hori gogorarazteko da. Hori horrela, Facebooki disuasio isun proportzionala ezarri diogu", adierazi du Margrethe Vestager Lehiarako komisarioak ohar batean.
Batzordearen esanetan, Facebookek WhatsApp erosi zuela jakinarazteko unean —2014an— bazuen bi sare sozialen bezeroen datuak batzeko ahalmen teknikoa. Bruselari aurkeztutako informazioan, berriz, kontrakoa esan zuen, ez zuela hori egiteko ahalmenik, alegia.
2016ko abuztuan, WhatsAppen baldintza orokor eta pribatutasun politikak aldatu zituen, eta bezeroaren datuak Facebookekin elkartrukatzeko aukera eman zuen. Neurriak erabiltzaileen pribatutasuna urratzen ote zuen argitzeko ikerketa abiatu zuen urte horretako abenduan Europako Batzordeak. 2017an etorri da isuna.
Bruselak argi utzi du zigorrak ez diola erosketari eragingo, 2014an onartu baitzuten "beste elementu batzuk tarteko".
Facebooken erantzuna
Facebookek nabarmendu duenez, "fede onez" jokatu izan du, eta egindako "akatsak" ez dira "nahita egindakoak" izan. "Unean-unean informazio zehatza eman genion Europako Batzordeari", erantsi du sare sozialaren bozeramaileak ohar batean.