Ekonomia -
Arratsaldean
AENA eta kontrolatzaileen bileran 'aurrerapausoak' espero ditu Blancok
Gaurko batzarrean lanaldia eta kontrolatzaileen soldatak hizpide izango dituztela azaldu du Sustapen ministroak.
Erredakzioa
Jose Blanco Sustapen ministroak "begi onez" jo du atzo aire-kontrolatzaileek eta AENAk egindako bilera, eta gaur "aurrerapausoak" espero ditu lanaldiari eta soldatei dagokionez.
Oviedon emandako prentsaurrekoan, "laster dokumentu batean jaso litekeen" aldarrikapen bat ardatz hartuta, atzo "aurrerapauso garrantzitsuak" eman zirela aitortu du.
"Gaur lanaldiaren eta soldataren gaiak hizpide dituzte eta legean aurreikusitakoa aintzat hartuz, gaur ere aurrerapausoak ematea espero da".
Sustapen Ministerioaren jarrera "malgua" dela nabarmendu du Blancok, betiere legea errespetatzen baldin bada. Blancoren ustez, nabigazio kostuak eta tasak merketzeko "ekoizpen handiagoa eta soldata baxuagoak" ezinbestekoak dira. "Testuinguru horretan, kontrolatzaileekin akordioa egiteko malgutasun handiena agertuko dugu", azpimarratu du.