Ekonomia -

Kupoari buruzko akordioa

Kupoari buruzko akordioak aldebikotasuna indartzen du, Urkulluren ustez

Lehendakaria 'oso pozik' mintzatu da, eta akordioa Euskadiren ongizatearen, bizi kalitatearen, garapenaren eta aurrerabidearen mesederako izango dela azpimarratu du.

Iñigo Urkullu. Argazkia: EiTB
Kupoaren akordioak autogobernua sendotzen du, Lehendakariak dioenez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria "oso pozik" mintzatu da gaur Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Kupoaren inguruan lortutako akordioaz. Haren hitzetan, akordioak "aldebikotasuna" eta Euskadiren "autogobernua" indartzen ditu, eta EAEko "herritar guztiei" mesede egiten die.

Negoziazio luze baten ondoren, Kupoaren inguruko ituna itxi zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Mariano Rajoyren Gobernuak. 2017ko behin-behineko Kupoa ezarri dute bi gobernuek: 956 milioi, 2016an baino 192 milioi gutxiago. Halaber, Euskadik 1.400 milioi euro jasoko ditu 2007-2016 epeari zegokion Kupoaren atzerapenengatik.

Eusko Legebiltzarraren atarian kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Kupoari buruzko akordioaren garrantzia azpimarratu du. Hitzarmena "aldebikotasun" kontzeptuarekin eta autogobernuarekin lotu ditu zuzenean, eta ongizatearen, bizi kalitatearen, garapenaren eta aurrerabidearen mesederako izango dela azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari "atera" dizkion milioiez galdetuta, Urkulluk adierazi du ez dela kontua dirua "kentzea", Kupoa Kontzertu Ekonomikoaren tresna gisa defendatzea baizik. Hori dela eta, "oso pozik" dagoela nabarmendu du.

Azkenik eta akordioak Urkullu eta Rajoyren arteko bilera ahalbideratuko duen galdetuta, lehendakariak ziurtatu du bien arteko komunikazioa ona dela, nahiz eta batzarrik ez egin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Lehendakaria Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Espainiako Gobernua albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea