Ekonomia -
Jaurlaritza-Madril akordioa
Oposizioak Kupoari buruzko akordioa kritikatu du
EAJk "on"tzat eman du, baina EH Bilduk uste du "herri ikuspegiarekin" negoziatu behar zela; eta Podemos Euskadik, herritarren eskubidearekin "salerosketan" aritu direla.
agentziak | erredakzioa
Negoziazio luze baten ondoren, Kupoaren inguruko ituna itxi dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Atzean geratu da, horrenbestez, azken hamar urteotako "finantza ziurgabetasuna". Izan ere, bi gobernuek Kupoaren kalkuluari buruz zituzten desadostasunak gainditu dituzte: Euskadik 1.400 milioi euro jasoko ditu 2007-2016 epeari zegokion Kupoaren atzerapenengatik.
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak "on"tzat eman du akordioa. Hala, azpimarratu du ez dela "inoren kontrakoa” eta inori ez diola "kalte egiten". Estebanek esan du ez dutela Espainiako Gobernuarekin "idiliorik", eta "politika" egiten ari direla, besterik ez.
EH Bilduren aldetik, berriz, Marian Beitialarrangoitia Kongresuko bozeramaileak uste du Kupoa "herri ikuspegiarekin defendatu" behar zela, ez zela bi alderdiren arteko negoziaziora mugatu behar.
Era berean, Nagua Alba Podemos Euskadiren idazkari nagusiak "euskal herritarrei dagokien eskubide bat salerosketan erabiltzea" leporatu dio EAJri, eta "euskal herritarren eskubideak betearazteko tartea" bazuela gaineratu du.
PSE-EEren Batzorde Exekutiboa gustura agertu da bi gobernuen arteko akordioarekin, "autogobernuaren apustua egonkortzen" duelako, "euskal herritarrek eta gainerako Espainiako herritarrek" egindako ituna indartzen duelako, alegia.
PP ere gustura agertu da "EAJrekin lortutako konfiantza klima" dela eta. Rafael Hernando Kongresuko bozeramaileak uste du horrek etorkizuneko akordioak eta elkarrizketak ahalbidetu ditzakeela.
Sindikatuei dagokienez, LABek PPren Gobernuaren "xantaia politikoari men" egitea egotzi dio EAJri, Estatu Aurrekontuak onartzeko presagatik kupoari buruzko akordioa "sekula baino azkarrago" egiteagatik.
Confebask patronalak erantzun du Kupoa berritzeko akordioak Euskal Administrazioaren Winbertsio gaitasuna indartzen eta aurrekontuen egonkortasuna erraztenW duela.